‘Bizi gira… kutxa bira!’ Argentinatik Bortzirietara ailegatu da

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 20a, 10:00

Apirilaren 19an, astelehen arratsaldean egin zitzaion harrera-ekitaldia Berako plazan

‘Bizi gira... Kutxa Bira’ martxoaren 20an hasi zen Argentinako Patagones hirian, handik Viedmara jotzeko. Euskarak munduan duen garrantzia eta gizarte bezala aberasten gaituela aldarrikatu nahi du. Euskaraz bizi nahi duen herri libre bat aldarrikatzen duen kutxa lekuko moduan mugiarazi dute Ameriketatik Euskal Herrira. Apirilaren 8an lur hartu zuen kutxak Baionako Etxepare lizeoan eta 72 egunez, 71 herritatik pasa ondotik, maiatzaren 30ean Segurara ailegatuko da. Apirilaren 19an, astelehenean, Bortzirietara ailegatu zen eta Beran egin zuten harrera-ekitaldia, bortz herrietako alkateak bertan zirela.

Urruña eta Segurako herritarren artean sortutako Iparra-Hegoa elkarteak iaz ezin izan zuen duela 26 urtetik egiten duten urteroko ekimen bateratua gauzatu, Covid-19ak eragindako osasun krisiak bete-betean harrapatu baitzituen. Ordea, garai hobeen zain egon beharrean euskal diaspora eta euskal herria bilduko zituen ekimen bat abiaraztea erabaki zuten, eta horren emaitza izan da “Bizi gira… kutxa bira” ekimena.

Amets Arzallus bertsolariaren mezua

Kutxak, bere baitan, Amets Arzallus honako mezu hau darama:

«Hitza da gure lurra, lur hau ez da gure jabetza, bizi garen lur hau guretzat zelako promesa, ez zuen inork egin, ez zigun inork hitz eman, hitza guk eman genion lur honi, auskalo noiz eta nondik hona iritsi ginenean, babes beharrean, hemen landatu genuen gure hitza, eta landare hartatik sortu zen harreman sare mugagabe bat, orain gure herria dei dezakeguna, Euskal Herria, euskara eman eta hartzen duen jendea, hizkuntza da, oraingoz, munduak eskaini digun bizi leku bakarra, hitza da gure lurra».

Horretaz gain, Ekhiñe Zapirain Arlegik kantatutako bertze bertso hau ere opari izan zuten Berako Herriko Etxeko Plazan bildu zirenek:

Zer gertatzen da herriak galtzen baldin badu kolorea?

zer gertatzen da nornahik galtzean mintzatzeko adorea?

piztu behar da ilusioa gizarteko sektorea

eraiki behar da askatasunez gure neurriko moldea

batzen duena libre izan nahi duen jende uholdea

herritarrona izatea da lehenbiziko balorea

Kutxa horrek du bere barnean sentimendu bat gordea

kutxa batean sartu ezin den herri bat gara ordea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun