Larunbat honetan abiatu da Berriozarren Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa. Beti Gazteko tiralariek ez dute hutsik egin lehen jardunaldian eta emakumezkoen nahiz gizonezkoek tiraldi guztiak irabazi dituzte pisu astunenean (255 eta 320 kilo). Kategoria hauetako bigarren eta hondarreko jardunaldia apirilaren 24an, larunbatean 17:00etan hasita jokatuko dute Lesakako udal pilotalekuan. Beraz, txapelak etxean janzteko aukera izan dezakete tiralari lesakarrek.
Berriozarko jardunaldian, emakumezkoetan, tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gazteren ondotik (12 puntu), bigarren Txantrea izan zen (9 puntu), hirugarren Berriozar (6), laugarren Antsoain A (3 puntu) eta bosgarren Antsoain B (0 puntu). Gizonezkoetan, Beti Gazteren ondotik (12 puntu), Txantrea A (9 puntu), Berriozar (6 puntu), Txantrea B (3 puntu) eta Antsoain (0 puntu sailkatu ziren.
Gazteak eta mistoak ere lehian
Ondotik, maiatzaren 1ean Txantrean txapelketa mistoa jokatuko da (280 kilotan). Bina talde aterako dituzte Beti Gaztek, Txantreak, Berriozarrek eta Antsoainek eta beraiekin batera Araxes ere lehiatuko da. Gainera, egun horretan 20 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketako lehen jardunaldia ere jokatuko dute. Hemen ez da eskualdeko ordezkaririk izanen.
Gizonezkoak eta emakumezkoak pisu arinean
Maiatzaren 8an, oraindik zehaztu gabeko plazan, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) lehen jardunaldia eta 20 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte.
Maiatzaren 15ean jokatuko dute hondarreko jardunaldia Antsoainen. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez beheitikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finalak izanen dituzte.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!