Nafarroako launakako sokatira txapelketa larunbatean abiatuko da Berriozarren

Ttipi-Ttapa 2021eko apirilaren 16a

Zortzinaka lehiatu ondotik, orain Nafarroako launakako txapelketari ekinen diote Beti Gazteko emakumeek eta gizonezkoek.

Nafarroko 4x4ko Sokatira txapelketa hasiko da apirilaren 17an, larunbatean, Berriozarren. Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra, gizonezkoen, emakumezkoen zen kategoria mistotan parte hartuz. Gizonezkoen eta emakumezkoen kategoria bakoitzeko bi jardunaldi jokatuko dituzte eta mistoan, aldiz, bakarra. Bigarren jardunaldia apirilaren 24an jokatuko dute Lesakako udal pilotalekuan (17:00).

Berriozarko lehen jardunaldian, emakumezkoak 255 kilotan eta gizonezkoak 320 kilotan lehiatuko dira. Batean, zein bertzean, Beti Gazterekin batera Berriozar, Antsoain eta Txantrea ariko dira. Kategoria hauetako bigarren jardunaldia apirilaren 24an jokatuko dute Lesakako udal pilotalekuan (17:00) eta bertan banatuko dituzte txapelak.

Gazteak eta mistoak ere lehian

Ondotik, maiatzaren 1ean Txantrean txapelketa mistoa jokatuko da (280 kilotan). Bina talde aterako dituzte Beti Gaztek, Txantreak, Berriozarrek eta Antsoainek eta beraiekin batera Araxes ere lehiatuko da. Gainera, egun horretan 20 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketako lehen jardunaldia ere jokatuko dute. Hemen ez da eskualdeko ordezkaririk izanen.

Gizonezkoak eta emakumezkoak pisu arinean

Maiatzaren 8an, oraindik zehaztu gabeko plazan, emakumezkoen eta gizonezkoen pisu arinetako (235 eta 300 kilo) lehen jardunaldia eta 20 urtez beheitiko eta kadete mailako txapelketaren bigarren jardunaldia jokatuko dituzte.

Maiatzaren 15ean jokatuko dute hondarreko jardunaldia Antsoainen. Emakumezkoen 235 kiloko eta gizonezkoen 300 kiloko txapela bertan erabakiko da eta 20 urtez beheitikoek eta kadeteek hirugarren jardunaldia, eta ondotik, lehen bi sailkatuen arteko finalak izanen dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun