Bortzirietako euskalgintzaren norabide berria erabakitzeko bilera Lesakan eginen dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 20a, 09:00
Berako Beralandetan egin zuten lehendabiziko bilera

Apirilaren 24an izanen da jardunaldia, Lesakako Harriondoa kultur etxean, larunbatean 09:30etik 13:30era.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak abiarazi zuen gogoeta prozesuaren parte da jardunaldia. Hogeita hamar urteko ibilbidearen ondotik, eskualdeko euskalgintzaren antolamendua berrikusteko eta berrantolatzeko asmoa daukate. Prozesuak hiru saio izanen ditu guztira, eta lehenbizikoa Berako Beralandetan egin zuten martxoaren 26an. Bortzirietako euskara batzordeetako kideak elkartu ziren bertan, eta batzordearen ibilbidea agortutzat eman zuten, etorkizunean eskualdeko euskalgintza bertze modu batera antolatzeko.

Lesakako bilera honetan, bertze herri eta eskualdetako euskalgintzak eta herri mugimenduen antolakuntzak ezagutuko dituzte. Horretarako, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorrerari eta ibilbideari errepasoa eginen diote lehenik. Gero, Kike Amonarriz soziolinguistika eta Topaguneko lehendakariak “Euskara bidegurutzean” hitzaldia eskainiko du. Segidan, hiru testigantzen bitartez hainbat udalerritako elkarteen lanak ezagutuko dituzte. Azkenik, talde dinamika eginen dute Elhuyar Aholkularitzak gidatuta, aditutako esperientzietatik Bortzirietara zer ekar daitekeen lantzeko.

Hirugarren bilera maiatzaren 29an eginen dute, Bortzirietako euskaren aldeko mugimendu sozialaren antolamenduaz gogoeta egitea eta balizko egitura berria abian jartzeko talde eragilea sortzea izanen duena helburu.

Bi saio hauetan parte hartzeko izena eman behar da aitzinetik. Interesatuek formulario bat bete beharko dute, 948 634 125 telefono zenbakira deituz edo euskara@bortziriak.eus helbidera idatziz lortuko dutena. Elkartetik bortz herrietako partaideak bertaratzearen garrantzia azpimarratu dute, eta dei berezia egin diete gazteei.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun