VII. Salvador Yanci martxa zikloturista bertan behera uzteko erabakia hartu du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 15a, 08:30
Horrelako irudirik ez da izanen aurten ere Lesakan.

Lesakako Beti Gazte elkarteak maiatzaren 9rako antolatutako VII. Salvador Yanci martxa zikloturista bertan behera uzteko erabakia hartu behar izan du, bigarren urtez.

Beti Gazteko zuzendaritza batzordearen oharrak dioenez, «une honetan, COVID-19ak sortutako ziurgabetasun egoera dela eta, ekimena guri gustatuko litzaigukeen modura gauzatzea ezinezkoa dela ikusten dugu. Zonaldean antzekoak diren probak bertan behera uzten hasi direla ikusita gainera, martxa zikloturistarekin berdina ez egitea ia ezinezkoa izan da».

Ilusioz eta gogoz bizitzen duten eguna dela kontuan izanik ez da erabaki erraza izan, «baina egoerak ez du ohiko ospakizunetarako aukera ematen. Hurrengo urtean oraindik gogo gehiagorekin antolatuko dugu!» dio oharrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun