Luziano Mitxelena lesakarrak irabazi du Nafarroako Master60 txirrindularitza txapelketa

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 14a, 17:00

Igandean egin zen Zarrakaztelun eta Miguel Indurainen eskutik hartu zuen txapeldunaren maillota

Apirilaren 11n, igandean burutu zen Zarrakaztelun Eduardo Escobar zenaren omenez lehen txirrindularitza saria, Nafarroako master txapelketak erabakitzeko baliagarria izan zena. Eskualdeko txirrindulariei dagokienez, Tranbidasoa Beti Gazte taldeko Luziano Mitxelena Irazoki lesakarra izan zen garaile master 60 kategorian. Azken bi urtetan Espainiako txapeldun ere izana da lesakarra kategoria honetan. Igandean, Miguel Indurainen eskutik jaso zuen txapeldunaren maillota.

Zarrakazteluko lasterketa euriak eta hotzak baldintzatu zuen. Abiatu baino lehen jo zuen ekaitzak eta erabat bustita abiatu ziren txirrindulariak. Halere, erritmo bizian ekin zioten eta hiru portuetatik lehenbizikoan osatu zen dagoeneko indartsuenen taldea. Bigarren gainean, Kasedakoan, erabat hautsi zen tropela. Multzo ttiki bat osatu zen aitzinetik, tartean Beti Gazteko Ruben Alonso eta Gaizka Otxandorenak eta Zarrakazteluko sprintean erabaki ziren irabazleak eta Nafarroako master txapelketako txapeldunak
Luziano Mitxelena M60 kategorian ez ezik, berriki arte Transbidasoan taldekide izandako Ion Zeberiok lortu zuen garaopena master 30 kategorian.
Elgorriagako Manu Ganboak meritu handiko hamahirugarren postua eskuratu zuen eta Jon Maritxalar sunbildarrak erretiratu egin behar izan zuen gurpila zulatuta, lehen multzoan zebilenean.


Beti Gazteko txirrindulariak

Ruben Alonso 3. M40
Gaizka Otxandorena 6. M30
Iñigo Arregi 8. M30
Victor Ganuza 9. M30
Luziano Mitxelena 1. M60
Ibai Bereau 18. M30

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun