Hiru lesakar 'Ongi etorri euskararen herrira!' bideoan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 18a, 11:00

'Arnasa gara' kanpainaren barnean egindako bideoan Juanen Saralegi, Iban Garro eta Gotzone Rekondo lesakarrak dira Sambou Diabyrekin batera aktoreak.

Euskal udalerrien egungo egoera erakustea du helburu 'Arnasa gara' kanpainak. Pasa den astean kaleratu zuten kanpainaren hirugarren bideoa; 'Ongi etorri euskararen herrira'. Bertan, Iñaki (Juanen Saralegi) eta Mikel (Iban Garro) ikusten ditugu etorkin papera egiten duen Sambou Diabyrekin gazteleraz komunikatzen saiatzen, arrakastarik gabe. Eneritz (Gotzone Rekondo) agertuko da orduan eta euskaraz, erran nahi diotena ulertaraziko dio.

Hau dio kanpainak bideoaren inguruan: «Udalerri euskaldunak garen heinean, gure esku dago etorri berriei hizkuntza ere ematea, harrera egitearekin batera. Gure artean errotuko diren ehunka lagunei euskara ematea modu ederra da beso zabalik hartzen ditugula erakusteko. Eskolak eta euskaltegiak zabaltzea, ordea, ez da nahikoa izango herritarrek gero erdaraz egiten badiegu. Euskara zubi ederra da elkarrekin gurutzatzeko, eta gure hizkuntza eskaintzea da eskua luzatzeko eta gure artera gonbidatzeko modurik egokiena, lehen hitzetik hasita».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun