Parkinsonaren Egunean Bianditzera igo da Antto Fagoaga lesakarra

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 13a, 13:00

Parkinsonaren Mundu Eguna izan zen apirilaren 11 eta egun horretan Lesakako plazatik Bianditzerako ibilaldia egin zuen Antto Fagoaga lesakarrak, erronka pertsonala betez. 71 metrora dagoen plazatik herriko mendi altuenera (840 metro) igotzea aski ez eta azken 2,3 kilometroak bizkarrean (Burnaizegi-Bianditz-Burnaizegi) 20 kilo lur karga zuela egin zituen Fagoagak.

Bukaeran bizkarrean eramandako lurrarekin pago bat landatu zuen, eguneko seinalea utziz. Erronka honekin Anttok ikustarazi nahi izan du Parkinsona bezalako gaixotasun neurodegeneratibo batek karga bat suposatu arren, norbere buruari erronkak jarri eta nahi izanez gero gauza aunitz lor daitezkela, aitzinera egin eta tontorreraino ailegatuz. Bide guztian hurbileko familia eta lagunak izan zituen erronkan, gaixotasunaren prozesuan bezala, ezinbertzekoak diren maitasuna eta babesa eskainiz. Bide batez,Parkinsona duten guztiei keinu bat egin nahi izan die indarra eta animoak bidaliz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun