Manttale nagusitu zaio Ariznabarretari Berako Mendi Maratoi Erdiko Erronkan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 12a, 07:00

Berako Mendi Maratoi Erdian egindako Manttale eta Oier Ariznabarretaren arteko erronka Nafarroako taldeak irabazi du apirilaren 11n, igande goizean. Manttalek eta Ariznabarretak erronka bat prestatu zuten. Durangoko korrikalariak maratoi erdiaren 21 kilometroak berak bakarrik egin behar izan zituen, eta aldi berean Manttale taldeko 21 korrikalarik erreleboka bakoitzak kilometro bana egin zituzten.

Manttaleko 21 lasterkariek maratoi erdia ordubete, 45 minutu eta 46 segundotan bukatu dute eta Oier Ariznabarretak ordubete, 47 minutu 11 segundotan. Minutu eta erdi eskaseko aldea, beraz. Manttale hasieratik ibili da buruan eguraldi euritsua, hotza, haizetsua eta Larunen (ibilbidearen punturik altuenean) elurra eta guzti izan duen goiz honetan. Ariznabarretak berak helmugan azaldu duenez Larungo igoeran hotz handia pasa du, nahiz eta erronkarekin pozik geratu den. Manttaleren taldea harrobiko gazte eta beteranoez osatuta zegoen, emakume zein gizonekin.

Manttalekoak banan-banan

Manttaleren izenean erreleboka ibili diren lasterkariak hauek izan dira: Gwendal Larqué (1. kilometroa), Beñat Albisu (2. km), Juan Luis Irazoki (3. km), Joseba Lasarte (4. km), Jokin Irazoki (5. km), Markel Etxebeste (6. km), Oihan Pikabea (7. km), Juanma Molinero (8. km), Juanra Pikabea (9. km), Ane Eltzaurdia (10. km), Josema Huizi (11. km), Ibai Berregi (12. km), Julen Baleztena (13. km), Asier Apezetxea (14. km), Aritz García (15. km), Ainhoa Etxegarai (16. km), Txus Unsion (17. km), Mattin Garbisu (18. km), Adrián Gajate (19. km), Amaiur Goñi (20. km) eta Patxi Pikabea (21. km). 

Oier Ariznabarretak lasterketaren errekorra du (1:37:30) eta lasterketaren azken sei edizioak irabazi ditu. Azken urteetan lortu dituen denborak hauek dira: (1:39:38, 2019), (1:40:55, 2018), (1:44:05, 2017), (1:40:16, 2016), (1:39:21, 2015), (1:37:30, 2014), (1:43:15, 2013) y (1:41:23, 2011).

Manttale Mendi lasterketa taldeak eskerrak eman nahi dizkie ibilbidean lagundu duten kolaboratzaile guztiei eta Martiko enpresari, froga babesteagatik, «eta bereziki Oierri eskerrak eman nahi dizkiogu erronka onartzeagatik eta betidanik lasterketa, Manttale eta Berarekiko erakutsi duen maitasunarengatik». Igandean bertan, erronka bukatzean, datorren urtean Berako Mendi Maratoi Erdian parte hartuko duela iragarri du Ariznabarretak, izan ere 2022an lasterketa jokatu ahal izatea espero du Manttalek pandemia dela eta bi urteko geldialdiaren ondotik.

92 korrikalari Maratoi Erdi birtualean

Bertzalde, azken 15 egunetan martxan egon den maratoi erdi birtualean, 92 pertsonek hartu dute parte eta lasterketa honetako eta Gazte Traileko ibilbideak 112 aldiz osatu dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun