Lesakan izanen da I. Señora bertsolaritza sariketaren finala

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 13a, 14:00

I. Señora sariketa abiatzear da, emakumez osatutako bertsolaritza txapelketa. Apirilaren 17 eta 24an izanen dira kanporaketa saioak eta maiatzaren 8an ospatuko da finala Lesakan.

Hainbat emakume bertsolarik bertze bertsolari feministekin sortutako ekimena da hau, emakume bertsiolariek elkarrekin kantatzeko aukera izanen duten guneak sortzea duena helburu, baita plazetan emakumeen presentzia areagotzea.

Señora izaera aldarrikatu nahi dute, maiz gutxietsia izaten den andre zahar, bakarti eta ausartarekin lotutako irudia. Belaunaldien arteko sarea indartzea eta emakume bertsolarien ahalduntzean pauso bat gehiago ematea dute asmoa.

Kanporaketak eta finala

Aramaioko kultur etxean izanen da lehenengo kanporaketa, apirilaren 17an. Bertan Haizea Arana, Oihane Perea, Itxaso Piquer, Maddi Aiestaran, Miren Artetxe eta Alazne Untxalo arituko dira kantuan, Ainhoa Urienen gidaritzapean.

Bigarren kanporaketa, berriz, Mutrikuko Kalbarioko ermitan eginen dute apirilaren 24an, Oihana Bartra, Saioa Alkaiza, Ainhoa Agirreazaldegi, Oihana Arana, Paula Amilburu eta Aissa Intxaustiren parte-hartzearekin eta Maite Berriozabalekin gidari gisa.

Finala Lesakan izanen da, Arrano tabernako terrazan. Kanporaketetako bina bertsolari sailkatuko dira, eta finalera zuzenera pasatuko diren bertze bi bertsolarirekin (haien izenak egunera arte ez ditugu jakingo) ibiliko dira kantuan.

Saioak 17:00etan izanen dira eta sarrerak herri bakoitzan bertan zein bertsosarrerak.eus webgunean eros ditzakete interesatuek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun