Joxean Ortega Urrutia

«Frantziak mugak itxi dituenez migratzaileekin arazoa sortu da»

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 10a, 09:00
Irungo Harrera Sarea sortu eta guttira sartu zen Joxean Ortega igantziarra taldean, «hagitz garbi nuelako lagundu nahi nuela».

Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko muga pasatu eta Frantziara joan nahi duten migratzaileei laguntzen die Irungo Harrera Sareak. Iaz 2.000 laguni artatu zituen eta aurten zenbaitetan «gainezka» ibili dira

G. PIKABEA | IGANTZI

Irungo San Juan Plaza dute bilgune, udaletxe parean, aire zabalean paratzen duten mahai, aulki eta pankartarekin. Irungo Harrera Sareko kideek hantxe egiten diete harrera Afrikatik Espainiara pateran eta handik Irunera autobusean eta trenean ailegatzen diren ehunka migratzaileri. Helburu argiarekin egiten dute bidea: Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko muga pasatu eta Frantzia dute amets. Hala, «muga pasatu nahian afrikar aunitz Irunera ailegatzen hasi zirela ikusita» duela hiru bat urte sortu zuten harrera taldea. Joxean Ortega taldeko boluntarioaren hitzetan, Irungo Lakaxita gaztetxean egin zituzten hasierako pausoak, «migratzaileei lotarako tokia, jatekoa, arropa eta lege-aholkularitza emanez». Irundarra da sortzez, baina Igantzin bizi da, eta duela bi urte eta erdi bat egin zuen taldearekin, «hagitz garbi nuelako lagundu nahi nuela». Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko pasabideak itxita, Irunen migratzaile kopuru handiak pilatu direla aitortu du.

Nolako laguntza ematen die Irungo Harrera Sareak migratzaileei?

Egunero San Juan Plazan paratzen dugun mahaian Madrildik edo Bilbotik etortzen diren migratzaileei harrera egiten diegu, nondik nora jo dezaketen azalduz. Gauez ere lan bera egiten dugu, eta geltokira joan eta gaua pasatzera Gurutze Gorriaren aterpetxera laguntzen diegu. Behar badute arropa ere ematen diegu eta komunikazio taldea ere badugu. Nire kasuan, muga itxita dagoenetik ezin dut joan, eta bertzela ere ezin izaten dut egunero joan. Baina udan bi astez gau eta egun egoten naiz. Horrez gain, Espainian asiloa eskatzen dutenek, paperak bete bitartean, aldi baterako aterpea behar izaten dutenez, etxeko ateak irekitzen ditut. Ez dira aunitz izaten; hiru urtez bi hartu ditut etxean. Legez estatuak adinez nagusiak ez diren guztiei onartu behar die laguntza eta horretarako proba bat egiten diete. Baina proba horrek hiru urteko tartea du, 16 urte izanda 19 dituela erran dezakete eta zaila da eskubideak onartzea.

Zein dira Irunera ailegatzen direnen ezaugarriak?

Batez ere, Mali, Ginea edo Senegalgoak dira, frankofonoak, eta Frantziara joan nahi dute. Gehienak gizonezko gazteak dira. 15 urtekoak ikusi ditut, eta zaharrenek 25-26 urte dituzte. Guttiago badira ere, emakumezkoak eta seme-alabekin datozen amak ere ailegatzen dira. Betiere honat ailegatzea lortzen dutenez ari gara, aunitz baitira bidean gelditzen direnak. Libian eta Marokon aunitz hiltzen dira edo hiltzen dituzte.

Euskal Herrirako bidea nola egiten dute?

«Migratzaileen historiak hagitz gogorrak dira»

Joxean ORTEGA URRUTIA, Irungo harrera sareko kidea

Gero eta zailtasun gehiago dituzte. Lehen Ceuta eta Melillara ailegatzen ziren, baina Maroko tarteko orain ez da segurua eta pateran Almeriara edo Kanarietara ailegatzen dira. Denak fitxatu eta egoitza batera bideratzen dituzte, gero sorterrira bueltatzeko asmoz. Migratzaileek, ordea, garbi dute zer nahi duten eta egoitza utzi eta ia gehienek Frantziarako bidea hartzen dute. Gehienetan autobusez eta batzuetan trenez ateratzen dira handik eta lehenbizi Madrilera edo Bilbora eta gero Irunera etortzen dira. Herritik atera eta bi bat urteko bidaia egiten dute honat ailegatzeko. 

Bidaia garestia da?

Estatu espainiarrean autobusez bidaiatzea ez da garestia baina Afrikatik ateratzeko egiten duten paterako bidaiak 3.000-5.000 euro artean balio ditu. Aunitzek euren pasaportea entregatuz ordaintzen dute, gero mafiek faltsifikatzeko erabiltzen dituztenak. Baina emakume aunitzi prostituzioa bertze aukerarik ez zaie gelditzen. Aunitz sei-bederatzi hilabeteko haurrekin etortzen dira, bidean sortutako haurrekin. 

Afrikatik atera aitzinetik makurrago pasatzen dute?

Bai, dudarik gabe. Hura infernua da, heriotza. Etxean hartu genuen bigarren migratzaileak Gurugu mendian egindako egonaldiaz solas egin zigun. Han poliziak sarekadak egiten ditu, migratzaileak hiltzeko edo jipoitzeko. Europak migrazio mugimenduak kontrolatzeko Marokori ordaintzen die, baita Turkiari ere, baina hala ere pasatzen dira. Lanera heldu den jende zintzoa da, aunitz unibertsitateko ikasketekin.

Azken hilabeteotan migratzaile kopurua aunitz hazi da Irunen...

Bai, terrorismoaren gezur horren aitzakiarekin, mugak itxita arazoak sortu dira. Bigarren Mundu Gerran ere ez zen halakorik gertatu eta zergatik orain? Jendarme guztiak, kontrolatzeko medio guztiak, Irunen kokatzeko. Irun eta Hendaia arteko bidean orain ez da inor pasatzen, edo hobeki erranda, ez da beltza den inor pasatzen. Horregatik pilatu dira. Duela zenbait aste Irungo Harrera Sareak, Gurutze Gorriak eta udalek gainezka egin zuten, eta Hondarribiko frontoia egokitu behar izan zuten. Baina aterpe hori utzi eta Frantziarako bidearekin segitzen dute. Bidasoa ibaitik ere atera zuten bat, itotzear. Ez dute esten eta behin eta berriz saiatzen dira, muga pasatu arte. Beti lortzen dute. Nola ez dira ba saiatuko hilabetetako bidaian sufritu duten guztia gainditu ondotik? Baiona dute hurrengo helmuga, harrera egiteko aterpe bat dagoelako eta Frantzia iparraldera joateko laguntzen diete.

Egunean bana bertze zenbat ailegatzen dira Irunera?

Egunaren araberakoa da; batzuetan 40 lagun, bertzeetan 20, hiru... Bana bertze egunean 20 bat lagun izaten dira.

Poliziak muga zeharkatzen harrapatuz gero zer gertatzen zaie?

Bueltan ekartzen dituzte. Hendaian edo Bordelen, berdin du non, baina harrapatuz gero, kotxe kamuflatuetan Irunera ekartzen dituzte, Ficoba ondoko zubian utzi eta martxa egiten dute. Legez Espainiako Poliziaren esku utzi beharko lituzkete, baina ez zaie interesatzen. Azken hilabeteetan kontrolak zorroztu dituztenetik geltokietan, zuhaitz artean, nonahi gordetzen dira migratzaileak autobusetik jaitsi orduko harrapatzeko.

Nolako jarrera du poliziak?

Arrazista. Kontroletan paperak ez dizkiete edozeini eskatzen; autobusak geldiaraztean ez diete jaisteko edozeini erraten... Beltzak dituzte begiz joak. Ez diegu jarrera bortitzik ikusi, baina krudela bai. Berdin jokatzen dute gazteekin edo bi urteko haurrarekin doan amarekin. Euren artean denetarik ikusi dugu, eta batzuetan  pasatzen utzi diete, eta gauza bera autobus gidarien artean.

Kasu gogorrik tokatu zaizu?

«Harrapatzen badituzte poliziak zubian uzten ditu»

Joxean ORTEGA URRUTIA, Irungo harrera sareko kidea

Niri ez, baina izaten dira. Duela hilabete batzuk buruko arazoak zituen mutiko bat ailegatu zen. Egonkortu zen arte, 24 orduko zaintzak egin behar izan zizkioten. Kontatzen dituzten historiak hagitz gogorrak dira. Amets Arzallusek Miñan liburuan kontatzen duena ez da kasu isolatua. Guztiek antzeko historia dute, gogorra, baina aldi berean hagitz esker onekoak dira. Guk eman beharko genituzke eskerrak gure laguntza onartzeagatik, aspaldiko zorra kitatzen ari gara.

Eta etxean hartu dituzunekin?

Lehenbiziko aldian, 15 urteko Amadu etorri zen, ikaratua eta desegina. Gogoz kontra, etxetik bidali zuten, pateran. Lastozko lau txabola zeuden eta basamortua zirudien herri batetik etorri zen. Egunero ura etxera eramateko 40 kilometro egiten zituen, eskolan ibili gabea zen eta ez zekien leitzen eta idazten. Lehenbiziko egunean, ohatze gainean egin zuen lo, ez zekielako irekitzen ahal zela eta tapatzeko maindireak bazituela eta kutxazain batetik dirua ateratzen ikusita, begi- zabalik gelditu zen. Han gizonezkoek orduak eta orduak ematen dituzte solasean, egonean, eta harrituta gelditu zen hemen horrelakorik ikusi ez zuelako. Hagitz gutti jaten zuen, behar dutena bakarrik jaten duten seinale. Ez dira gu bezain bekaiztiak. Orain, Frantzian bizi da, ikasi du eta lanean ari da baina adin ttikikoa izateari utzi dionez, jaioterrira bidal dezakete. 

Zein mezu luzatuko zenuke?

Oro har, norbere burua eta hurbilekoena interesatzen zaigu, eta bertzelakoa da urruti daudenekin dugun jarrera. Hala ere, Greziako errefuxiatuen kanpamentuan laguntzen duen jende aunitz eta aunitz dagoela ikusi nuen. Laguntzeko, ordea, ez da haraino joan beharrik. Hemen ere bada aukera, eta ez etorkinekin bakarrik. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun