Langile klasearen kontzientzia indartzeko dinamika sortu dute Bortzirietan

Ttipi-Ttapa 2021ko api. 1a, 14:00

Hainbat hitzaldi eta ekimen eginen dituztela iragarri du M1, klase kontzientzia hedatu dinamikak. Horien artean apirilean hiru hitzaldi antolatuko dituzte eta horrez gain, maiatzaren 1ean mobilizatzeko deia eginen dute.

«Beharra» badela sentituta, «gauzak ongi ez daudela» ikusita eta «langileok ere politika egiteko eskubidea badugula» sinetsita, langile klasearen kontzientzia hedatzeko dinamika abiatu dute Bortzirietako hainbat herritarrek, eta maiatzaren 1aren atarian, hainbat hitzaldi eta ekimen eginen dituztela iragarri dute.

«Langile borrokek erakutsi digutenez, zapalduok gure bizi baldintzak hobetzeko bide bakarra antolatu eta borrokatzea da»

M1, Klase Kontzientzia Hedatu izena paratu diote dinamikari. Taldean bildu direnen ustez, «bere garaian langileek lortu zituzten onura guztiak galtzen ari gara pixkanaka, eta langileria inoiz baino itzaliago dago». Horren harira, «1886an Chicagon izan zen eta mundu guztiko langileoi eragin zigun borroka» ekarri dute gogora: «maiatzaren 1ean hasitako greba eta borroka egunek zortzi orduko lanaldia ezartzea lortu zuten, ordura arte 12koa edo gehiagokoa zen». Horren gibelean, ordea, «sufrimenduak» izan zirela nabarmendu dute: «ehunka izan ziren atxilotutako, torturatutako eta eraildako langileak». Sortu berria den taldearen hitzetan, «adibide honek zein bertze hainbat langile borrokek erakutsi digutenez, zapalduok gure bizi baldintzak hobetzeko bide bakarra antolatu eta borrokatzea da».

«Maiatzaren 1ak inoiz baino garrantzi handiagoa hartu behar luke»

Gaur egun, ordea, egoera bertzelakoa dela diote. Langile kontzientzia «zaharkituriko kontua dela sinetsarazi nahi digutela» uste dute, «baina jakin badakigu hori ez dela horrela: Kapitalismoan bizi garen bitartean, zapaltzaile –burgesak– eta zapalduon –langileak– artean banatuko da gizartea». Klase kontzientzia «kendu nahi digutela» ere kritikatu dute, eta horregatik, «maiatzaren 1ak inoiz baino garrantzi handiagoa» hartu behar lukeelakoan daude.

«Urte gogorrak heldu dira»

Taldearen irudiko, langileen egoera ez da ona: «osasun larrialdia batetik eta kapitalismoaren krisi estrukturala bertzetik». Azken hilabeteetan izan den «poliziaren jarrera oldarkorra eta bizitu duten inpunitatea» aipatu dituzte, «gainera soldata igo diete, istiluen kontrako material berria erosi diete... Errepresioa da nagusi». Eta «osasungintza indartu beharrean polizia indartu» dutela salatu dute. Gaineratu dutenez, «zentzurik gabeko neurri murriztaileak ezarri dituzte: askatasun politikoak murriztuz, partidu politiko guztien onespenarekin». 

«Neurri murriztaileekin ageria uzten dute politikariak ez direla pandemia gelditu nahian ari; kapitalismoa sartu den krisi ekonomikoaren aurrera langileriak eman dezakeen erantzuna gelditu nahian ari dira»

Argi dute «neurri horiekin politikariak ez direla pandemia gelditu nahian ari, baizik eta kapitalismoa sartu den krisi ekonomikoaren aurrean langileriak eman dezakeen erantzuna gelditu nahi dute». Hala, «langabezia gero eta handiagoa eta lan baldintzak gero eta okerragoak» direla oroitarazi dute. 

«Urte gogorrak» heldu direla diote eta «Europako eta beraz, baita Espainiako eta Euskal Herriko burgesiak ere badu horren berri eta horretarako prestatzen ari dira; Europako funtsen dekretuak onartu dituzte, goi burgesiaren plan ekonomikoa, eta honek hurrengo hilabete eta urteetan langileon murrizketa berriak ekarriko ditu». Egoera ikusita, «egoeraz jabetzeko» deia egin dute, «has gaitezen klase kontzientzia hedatzen eta langileon antolakuntza eta klase batasuna sustatzen».

Hiru hitzaldi apirilean

Dinamikan baitan hiru hitzaldi izanen dira. Larunbat honetan, apirilaren 10ean, eginen dute lehenbizikoa, 11:00etan Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Kapitalismoaren oinarriez ariko dira.Bigarrena apirilaren 17an eginen dute eta «langile klasearen sorrera, bilakaera eta egungo egoera» izanen dituzte hizpide. Hirugarrena hilaren 24rako aurreikusi dute. Aitzindu dutenez, «mahai-inguru bat izanen da, eta gaur egun Euskal Herrian garatzen ari diren langile borroken esperientzia praktiko pare bat» landuko dituzte. «Guztiak ere Bortzirietan eginen ditugu, Bortzirietako jendea elkartu garelako». 

Hitzaldi horiez gain «bertze ekimenen bat» bultzatuko dutela adierazi dute eta horrez gain, «maiatzaren 1ean mobilizatzeko deia eginen dugu».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun