Amets Arzallus bertsolari eta idazle ezaguna, Arantzako Udalak gonbidatuta, 2019an argitaratu zuen Miñan bere eleberria aurkezten ibiliko da. Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, hark ahoz eta Amets Arzallusek letraz idatzia. Irunen ezagutu zuten elkar, 2018an, anaiaren bila hasitako bideak haraino eraman baitzuen. Konakrytik Nzerekorera joan zen lan bila eta han aritu zen amak anaia ttikia falta zela erranez deitu zion arte. Haren bila abiatu zen. Basamortua gurutzatu; pasatzaile, polizia, bahitzaileekin topo egin; egarria, gosea, mina ezagutu… Hala izan zen Afrikatik Europarako egin zuen bidea.