Manttale Mendi Lasterketa Taldeak erronka berezia prestatu du apirilaren 11rako, iganderako. Egun horretan Berako Mendi Maratoi Erdia egitea aurreikusita zegoen, eta duela aste batzuk bertan behera utzi behar izan zen pandemia dela eta. Hutsune hori betetzeko, Manttalek erronka bat antolatu du, Martiko enpresaren babesarekin, eta Oier Ariznabarretak eta Manttale taldeak indarrak neurtuko dituzte.
Erronka hagitz sinplea da. Oier Ariznabarretak Berako Mendi Maratoi Erdiaren ibilbidea (21 kilometro) osatu beharko du, eta Manttalek gauza bera eginen du Ariznabarretarekin batera, baina 21 lasterkariz osatutako talde batekin. Lasterkari bakoitzak kilometro bateko erreleboa eginen du. Hau da, Oierrek 21 kilometroak egingo ditu, eta Manttaleko 21 lasterkariek kilometro bana.
1 vs. 21
Lasterketa igandean 09:30ean hasiko da, maratoi erdiaren ohiko irteera-puntuan, Rikardo Baroja Eskolaren ondoan. Ariznabarretak lasterketako lehenbiziko kilometroa egiteko ardura duen Manttaleko lasterkariaren ondoan hasiko du. Manttaleko gainerako lasterkariak beren kilometroetan banatuak egonen dira, erreleboa hartu arte. Ibilbide osoa seinaleztatuta egonen da eta Oier Ariznabarretak hainbat hornidura puntu izanen ditu.
Manttaleren taldea gizon, emakume eta harrobiko gazteek osatuko dute.
Oier Aiznabarretak Berako Mendi Maratoi Erdiaren azken sei edizioak irabazi ditu, eta probako errekorra du gaur egun (1:37:30, 2014. urtean). Lortutako sei garaipenetan ordu eta 44 minutu baino gutxiago behar izan ditu.