30 urte bete ditu Etxalarko Altxata elkarteak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 31a, 10:00
Altxata elkartearen batzordeko kideak. Ezkerretik eskuinera: Irune Elizagoien, Maite Goienetxe, Saioa Otazo eta Lorea Arangoa

1991. urtean sortu zen kultur eta kirol elkartea. Geroztik, herria bizirik mantendu duten hainbat ekitaldi antolatu dituzte, betiere euskararen alde apustu eginez. Herriko boluntarioen parte hartzea ezinbertzekoa izan da beti aitzinera egiteko Altxatarentzat. Elkartearen batzordeko kideak elkarrizketatu ditu TTIPI-TTAPAk.

Lau lagunek osatzen dute momentu honetan elkartearen batzordea; Lorea Arangoa, Irune Elizagoien, Saioa Otazo eta Maite Goienetxek. Lehendakari, lehendakariorde, diruzain eta idazkari karguak papereko kontuak bertzerik ez direla diote, «jardueren lanak denon artean egiten baititugu». Gainera, juntara sartzera gonbidatu dituzte animatzen diren guztiak, besoak zabalik hartuko dituztelako. Gaur egun, 150 bazkide inguru ditu Altxatak, goiti doan zifra da hau eta herritarren babesa «ezinbertzekoa» dela kontatu digute elkarteak aitzinera egiteko. Herritarrei dei egin diete haiekin harremanetan jartzera bazkide izateko, altxata@gmail.com helbidera idatziz.

30 urte herria mugiarazten

1976. urtean hasi zuen Altxatak bere bide luzea, herrian euskarazko ikasketak eskaintzeko beharra ikusi zuten eta Bide Ona ikastola sortu zuten. 1991n, aldiz, behar horiek aldatzen joan ziren, ikastola desegin zuten eta Altxata Kultur Elkartea sortzea erabaki zuten. Elkartea «euskara eta kultura bultzatzeko eta euskaraz bizitzeko egin zen lehenengo bultzada horren jarraipena izan da, eta 30 urte beranduago helburua betetzen saiatzen jarraitzen dugu».

Ibilbide honetan «juntakide eta laguntzaile aunitz» izan ditu elkarteak, eta denen lan eta ideiei esker, gaur egun dauden ekintza guztiak izatea lortu dute. Honez gain, «auzolan haundi baten moduko zerbait» bihurtu dira antolatzen dituzten ekitaldi guztiak. Beraz, gaur egun, Etxalarko urteko agendan ohikoak dira haien ekimen guztiak.

Gasna feria eta bertze hainbertze

Gasna feria ekaineko lehenengo asteburuan egiten duten besta da. Bertan, hainbat jarduera antolatzen dituzte: gasna lehiaketa, erakusketak, artisauak, bazkaria, musika... 27 edizio izan ditu dagoeneko, 2019an izan zen azkena, joan den urtean bertan behera gelditu baitzen koronabirusarengatik. Erreferente bat bihurtu da feria hau eskualdean. Hau da elkarteak herrian antolatzen duen ekimen garrantzitsuena, baina ez da bakarra. Urte hauetan guztietan, kultur zein kirolaren arloetan herria ekitaldiz bete dute.

Mendi itzulia bi urtetik behin antolatzen duten ibilaldia da. 500 lagunetik goiti joan izan dira Etxalarko mendi eta paisaiez gozatzera. IV. edizioa egin zuten 2019an azkeneko aldiz, 80 herritar baino gehiagoren laguntzarekin antolatuta. Bi ibilbide ematen dituzte aukeran partaideentzat, 23 eta 34 kilometrotakoak, eta hainbat kontrol gune jartzen dituzte parte hartzen dutenak laguntzeko.

«Euskaraz bizitzeko egin zen lehenengo bultzada horren jarraipena da elkartea»

ALTXATA elkarteko kideak

Usategietako Igandea urriko hirugarren asteburuan Etxalarren ospatzen duten besta da. Bertan ere ibiltzen dira lanean Altxatako kideak, talo postua jartzen baitute Lizarrietan eta ostatua frontoian. Herri Aitada da elkartearen parte-hartzea izaten duen bertze besta bat, bai antolaketa aldetik baita finantzaketa aldetik ere. Mugan dauden sei herriak elkartzen dira topaketa honetan (Etxalar, Bera, Sara, Ainhoa, Zugarramurdi eta Urdazubi).

Honez gain, Etxalarko San Juan suak antolatzen dituzte, haurren eta helduen dantza ikastaroak kudeatzen dituzte (80 dantzari ingururekin), pilota ikastaro eta txapelketak antolatzen dituzte, kontzertuak, inauterietarako laguntza, haurren eguneko liburuen finantzaketaz arduratzen dira, mendi federazioko txartelak egiteko zerbitzua eskaintzen dute... Ekarpen aunitz eta arras anitzak egiten dizkio Altxatak herriari.

Eta aurten, zer?

«Besta haundi bat eginez ospatzeko modua da 30. urtebetetzea». Bizi dugun egoerak, ordea, ez die gustatuko litzaiekeen bezala ospatzea uzten. Hala ere, aurten hainbat ekitaldi ttiki antolatuko dituztela iragarri dute, urteurrena ospatzeko. Denak ere, egoerak baldintzatzen duen neurrian eta segurtasun neurriak betez. Lehenengo ekitaldia apirilaren 24an eginen dute, Amets Artzallus eta Ibrahima Balderen Miñan liburuaren aurkezpena. Etxalarko kultur etxean izanen da, 19:00etan. Edukiera mugatua izanen da, lekua bete arte. Honez gain, «datozen hilabeteetan joanen gara hurrengo ekitaldiak iragartzen» diote. Erne egonen gara urteurrena ospatzen jarraitzeko.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dituzte Altxatatik urte hauetan guztietan boluntario lanean laguntzen aritu diren herritar guztiei. Egoera normalizatzea nahi dute, ohiko ekitaldiak antolatu ahal izateko. «Eta beti bezala, herritarrak bazkide egitera eta parte hartzera animatu!»

Zorionak Altxata elkarteari!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun