Mistoa izan ezik, Euskal Herriko txapel guztiak irabazi ditu Beti Gazte sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 29a, 11:00
Beti Gazteko talde mistoa tiran larunbatean Getxon. Txapeldunorde izan ziren. Argazkia: Potronko

Larunbatean txapeldun orde izan ziren lesakarrak txapelketa mistoan eta igandean 560 kiloko txapela jantzi zuten mutilek

Euskal Herriko txapelketako azken bi txapelak jokoan izan dira asteburuan Getxon (Bizkaia). Aitzinetik jokatutako bortz kategorietakoak irabazita, lorpen historiko baten atarian zegoen Beti Gazteko sokatira taldea, lehen aldiz kategorietako guztietako txapelak janztea, alegia. Baina larunbatean txapelketa mistoan Ibarra nagusitu zitzaion. Beti Gazte txapeldunorde izan zen eta Txantreak osatu zuen podioa.

Laugarren postua Berriozarrek eskuratu zuen eta bosgarren izan zen Antsoain.

Gizonezkoak txapeldun pisu arinean ere

Igande goizean gizonezkoen 560 kiloko txapelketa, pisu arinekoa izan zen jokoan. Hemen bai, nagusitasunez gailendu zen Beti Gazte, Txantrea bigarren izan zen eta Berriozar hirugarren. Pisu arineko zortzikote txapeldunean Joxe Angel Mitxelena, Beñardo Iantzi, Dominique Errandonea (Ezpeleta), Unai Gurrutxaga, Beñat Ordoki,  Eneko Saldias, Paxkual Taberna eta Iñigo Altzugarai aritu ziren, Gerardo Telletxea entrenatzaile zutela.

Beraz, Euskal Herriko txapelketan jokoan zeuden zazpi txapeletatik sei irabazi ditu Beti Gaztek, emakumezkoen biak eta gizonezkoen lauak. Txapelketa mistoan txapeldunorde izan dira. Iñigo Altzugarai tiralariak dioen bezala, «pena da, aukera ederra zelako aurtengoan, baina ez da plenorik izan». Halere, inoizko markarik onena egin du Beti Gaztek Euskal Herrikoan, ez gizonezkoek, ezta emakumeek ere, ez baitzuten inoiz txapel guztiak irabazi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun