Txoko-Txiki ipuin eta ilustrazio lehiaketaren hogeita hamazazpigarren edizioa antolatu du Lesakako Tantirumairu ikastolak, Lesakako Udalaren laguntzaz, Lehen Hezkuntzako ikasketak Lesakan egiten dituzten ikasleei zuzendua.
Ipuinen kasuan, ikasleek ikastolak emandako irudi batetik 4-5 elemeNtu aukeratu eta horiekin eta nahi dituzten bertze elementu eta pertsonaiekin beraien ipuina asmatu beharko dute. Testua txukun eta idazkera ulergarriz idatzia aurkeztu behar dute. Ordenagailuz idatzitakoak ere onartuko dituzte. Orrialde bat eta bi orrialderen arteko luzera izan beharko du.
Ilustrazioen kasuan, ikasleek Ferida Wolff eta Harriet May Savitz-ek idatzitako ‘Ipuinen haria’ ilustratu behar dute. Horretarako, ipuina irakurri edota entzunen dute. DIN A4 neurrian aurkeztu behar dituzte marrazkiak, nahi den teknika erabiliz.
Lan guztiak goitizenez sinatuko dira eta aparteko orri batean, goitizenarekin batera egilearen izena, adina, maila eta ikastetxearen izena idatziko dira. Dena kartazal batean sartu ondoren, apirilaren 26a baino lehen ikastolara igorri behar dituzte.