Euskal Herriko txapel guztiak lortzea eskura du Beti Gazte sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 26a, 12:00
Nafarroako txapelketa mistoa lortu zuen zortzikotea lehian. Larunbatean Euskal Herrikoa janzteko aukera izanen dute Getxon.

Larunbatean txapelketa mistoa eta igandean gizonezkoen 560 kilokoa jantziko balitu historian lehen aldiz eginen luke

Historikoa izan daitekeen asteburu baten atarian dago Lesakako Beti Gazte sokatira taldea. Euskal Herriko txapelketako azken bi txapelak izanen dira jokoan Getxon (Bizkaia). Larunbat arratsaldean txapelketa mistoa jokatuko da, 580 kiloko kategorian eta igande goizean gizonezkoen 560 kilokoa, pisu arinekoa. Bertze bortz kategorietako txapelak irabaziak dituztela kontuan hartuz, historian lehen aldiz kategoria guztietako txapelak janzteko aukera dauka Lesakako taldeak. Gainera, aitzinetik, Nafarroako txapel guztiak irabaztetik dator.

Gizonezkoak Munduko txapeldun suertatu ziren garaietan ere ez zuten inoiz Euskal Herriko txapel guztiak irabazterik lortu. Bakarren batean, kategoria horretan Euskal Herriko txapeldun izan gabe ere lortu zuten Munduko txapeldun izatea.

Emakumezkoek joan den urtean lortu zuten lehen aldiz Euskal Herriko txapeldun izatea pisu astunean, baina hirugarren izan ziren arinean. Aurten biak irabazi dituzte.

Asteburuko jardunaldia

Larunbat arratsaldean, txapelketa mistoan, Beti Gaztekoekin batera, Txantrea, Berriozar, Antsoain eta Ibarrako neska-mutilak ariko dira. Igande goizean, gizonezkoen 560 kiloko txapela irabazteko lehian, Beti Gazte, Txantrea eta Antsoain bakarrik ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun