Berako Mendi Maratoia birtualki eginen dute aurten hamabortz egunez

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 26a, 11:30
Berako Mendi Maratoi Erdia eta Gazte Trail birtualki egiteko aukera emanen du aurten Manttalek.

Lasterka edo oinez egin ahal izanen dira 21 kilometroko Maratoi Erdia zein 9 kilometroko Gazte Traila

Berako Mendi Maratoi Erdia birtualki eginen da 2021ean. Martxoaren 27tik apirilaren 10era bitartean, nahi duen orok frogan parte hartu ahal izanen du bai lasterka zein oinez. Parte hartzeko, Manttaleren webgunean dohainik izena eman beharko da bakarrik.

Bi modalitate izanen dira: Mendi Maratoi Erdia, 21 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboarekin, eta Gazte Traila, 9,3 kilometro eta 300 metroko desnibel positiboarekin.

Nafarroan bizi direnek zirkuituan bertan egiteko aukera

Nafarroan bizi direnek lasterketa Maratoi Erdi eta Gazte Trailaren zirkuituan bertan egiteko aukera izanen dute, ibilbidea hamabortz egunez egonen baita seinaleztatuta, martxoaren 27tik (larunbata) apirilaren 10era (larunbata).

Ibilbideak oinez zein lasterka egin daitezke. Oinez egiten badira, ez da beharrezkoa izanen egun berean bide osoa egitea, baina Manttaleren webgunera egun bakoitzean egindako tartea igo beharko da. Era berean, nahi bezainbertze aldiz har daiteke parte. Gazte Traila edo Maratoi Erdia behin, bitan, hirutan edo nahi den aldi guztietan egin daiteke.

Behin Maratoi Erdia edo Gazte Traila bukatuta, Manttaleren webgunera egindako distantzia, desnibela eta denbora eskuz igotzea nahikoa izanen da.

Nafarroatik kanpo bizi direnek ibilbide simulatua

Nafarroatik kanpo bizi direnek eta perimetro itxierarengatik Berara etortzeko aukerarik ez dutenek ere edizio birtual honetan parte har dezakete. Maratoi Erdiaren edo Gazte Trailaren antzeko distantzia eta desnibela duen ibilbidea simulatu bertzerik ez dute egin beharko. Kasu horretan ere, Manttaleren webgunera distantzia, desnibela eta denbora igo beharko dira.

Sailkapenik gabe

2021ko edizio birtual honetan ez da sailkapenik eginen, baina parte-hartzaileek egindako denborak ikusi ahal izanen dira. Zerrenda batean, Maratoi Erdian eta Gazte Trailean parte hartzen dutenen denborak ikusiko dira, eta bertze zerrenda batean, Beran ibilbidea egiterik izan ez dutenen eta oinez egin dutenen markak egonen dira. Antolatzaileek Martikoren hamar produktu-sorta eta hamar kamiseta zozkatuko dituzte parte-hartzaile guztien artean.

Izen ematea egiteko eta datuak Manttaleren webgunean sortu duten plataformara igotzeko ordenagailu bat erabiltzea gomendatu dute eta ez mugikorraren bidez egitea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun