Aurten ere 'Ezagutu dezagun Lesaka' lehiaketa antolatu du Beti Gaztek

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 24a, 15:00
Aitzineko edizio bateko parte-hartzaile kuadrilla. Argazkia: Jon Martinez.

Parte-hartzaileek 30 galdera erantzun beharko dituzte eta erantzunak bidaltzeko azken eguna apirilaren 23a izanen da.

Gaztetxoek herria hobe ezagutzea helburu duen Ezagutu dezagun Lesaka lehiaketaren aurtengo edizioa martxan da dagoeneko. Beti Gazte elkarteak antolatutako lehiaketa, oraingo honetan ere, Lehen Hezkuntzako ikasleei bideratua izanen da. Hala ere, pandemiak eragindako egoera tarteko, egokitzapen batzuk egin dituzte eta «inoiz baino bereziagoa» izanen da aurten.

Martxoaren 22an, astelehenean, eman zitzaion hasiera lehiaketari eta erantzunak aurkezteko azken eguna apirilaren 23a, ortziralea izanen da. Parte-hartzaileek Lesakarekin zerikusia duten 30 galdera erantzun beharko dituzte (galdera guztiak erantzutea ez da beharrezkoa izanen) eta, orriak beteta, kultura@betigazte.net helbidera bidali edo egoitzako atean dagoen postontzian sartu beharko dituzte (izen-abizenak modu ikusgarrian paratu behar dira eta erantzunetan ortografia kontuan hartuko dute).

Ikasleen erantzunak hiru kategoriatan banatuko dituzte: batetik, Lehen Hezkuntzako lehenbiziko eta bigarren mailako ikasleak; bertzetik, hirugarren eta laugarren mailakoak; eta, azkenik, borzgarren eta seigarren mailakoak banatuz. Maila bakoitzeko lau sari izanen dira eta saridunek 50, 40, 35 eta 30 euroko erosketa txartelak jasoko dituzte hurrenez hurren. Lesakako zerbitzuetan erabiltzeko txartelak izanen dira.

Sari horiez gain, sari-banaketara bertaratzen direnen artean oparitxoak zozketatuko dira. Lehiaketari buruzko informazio zehatzagoa www.betigazte.net webgunearen bidez zabalduko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun