Beran eta Arantzan ibiliko da Zapla! bertso plaza berria

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 24a, 16:00

Zapla! egitasmoa martxan jarri du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bertso plaza honek zazpi saio izanen ditu Nafarroako zazpi herritan apirilaren 23tik maiatzaren 15era arte.

Kultura segurua dela adierazi du elkarteak, eta pandemiak astindutako bertsolaritzaren sektorea berpiztea du helburu egitasmo berri honek. Nafarroako zazpi herritan ibiliko da bertso zirkuitua, haien artean Bera eta Arantza, bertako udalen laguntzarekin antolatuta. Kultura eta bertsolaritza erantzukizunez antolatu daitezkeela frogatu nahi du elkarteak. Honekin batera, bertso txapelketa batek exijitzen duen egitura zurrunetik aldendu nahi dute, bestelako saio mota, gai eta ariketa molde esperimentalekin jokatuz.

Bidasoan gora (Eneko Aizpurua, 2020) liburuan oinarritutako bertso saioa eginen dute Beran Alazne Untxalo, Ander Fuentes Itturri, Ekhiñe Zapiain eta Xabier Terreros Terre bertsolariekin. Arantzan, berriz, bertso bazkaria eginen dute Eneko Lazkoz eta Julen Zelaieta bertsolarien eskutik. Sarrerak bertsosarrerak.eus web orrian egonen dira salgai martxoaren 29tik aitzinera. 7 eta 8 euro bitarteko prezioa izanen dute saioek eta 30 eurokoa bertso bazkariak.

Hauek dira antolatutako zazpi saioak:

  • Lizarra, apirilak 23, 18:30ean Los Llanos Kulturgunean
  • Bera, apirilak 24, 18:30ean Kultur Etxean
  • Irurtzun, apirilak 30, 18:30ean Kultur Etxean
  • Zizur Nagusia, maiatzak 2, 18:30ean Kultur Etxean
  • Antsoain, maiatzak 8, 18:30ean Antzokian
  • Agoitz, maiatzak 9, 18:30ean Kultur Etxean
  • Arantza, maiatzak 15, 14:00etan Aterpean

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun