Nafarroako Herri Kirol Jokoen finalak jokatuko dituzte martxoaren 28an, igandean 11:00etan hasita Antsoainen. Igandean jokatu zen laugarren jardunaldia eta lau jardunaldietako denborak batuta, proba konbinatuko finalerako txartela lortu dute Igantziko kimu eta haur mailako taldeek. Kadete mailan ligaxka sisteman jokatzen ari dira eta oraingoz Igantziko taldea da puntu gehien duena.
Igande honetan Antsoainen jokatutako laugarren jardunaldian, kimu mailako proba konbinatuan Araxes izan zen bizkorrena (6.57), Berriozar A bigarren (7.18), Igantzi hirugarren (7.21), Antsoain B laugarren (7.25), Antsoain A bosgarren (7.53) eta Berriozar B seigarren (8.31). Igandeko eta aitzineko hiru jardunaldietako denborak kontuan hartuz, Araxes, Igantzi, Berriozar A eta Antsoain B izanen dira finalista.
Haur mailako proba konbinatuan, aitzineko hiru jardunalditan bezala, Igantzi nagusitu zen igandean (9.29). Antsoain A izan zen bigarren (9.39), Berriozar hirugarren (9.43), Araxes laugarren (9.44), Txantrea bosgarren (11.05) eta Antsoain B seigarren (11.38). Honela, Igantzi, Antsoain A, Araxes eta Berriozar izanen dira finalean.
Kadete mailako proba konbinatuan, berriz ere Igantziko taldea nagusitu zen (10.28) eta lau puntu eskuratu zituen. Berriozar bigarren izan zen (11.14) hiru puntu eskuratuz, Txantrea hirugarren (11.46), bi puntu eskuratuz eta Antsoain laugarren (12.00), puntu bakarrarekin. Hortaz, igandeko azken jardunaldira sailkapen buruan ailegatuko da Igantzi, 14 punturekin; Berriozarrek 12 puntu ditu, Antsoainek 10 eta Txantreak 6.
Proba konbinatuan ez ezik, sokatiran ere azken jardunaldia izanen dute igandean, baina hor ez da eskualdeko ordezkaririk izanen. Haur mailan, Antsoain A, Antsoain B, Berriozar eta Araxez ariko dira eta kadete mailan, Berriozar, Antsoain eta Txantrea.