Iluntzen ikuskizuna eskainiko du Mairu antzerki tailerrak Beran

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 23a, 18:00

Martxoaren 28an, igandean, aurkeztuko du Mairu antzerki tailerrak Iluntzen antzerkia. Berako Kultur Etxean eskainiko dute arratsaldeko 18:30ean. Berako Udalak eta Kultur Batzordeak antolatutako ikuskizunaren sarrerak aitzinetik salgai egonen dira Agara prentsan 5 euroren truke.

Iban Garro, Gaizka Sarasola, Juanen Saralegi eta Ritxi Abril dira lau protagonistak Mairuk zuzendutako antzerki lan honetan. Gaizka Sarasola idazlearen testu batetik abiatzen da 80 minutuko istorio surrealista hau, herri txikien despopulatzea gai nagusi bezala daukana.

Sinopsia

Ibai baten ertzean dagoen herri batean bizi dira Erramun Joakin, Mari Pili eta Shepherd Jauna. Beraiekin dago Cristobal ere, ibaia gurutzatu nahi duen jendea laguntzeko prest dagoen erraldoia. Kezkaturik daude herria husten ari delako; jendez gutxitzen… Garai batean aberatsa izandako lekua, iluntzen ari da. Iluntasuna nagusitzen ari da. Ez da ontzirik gerturatzen aspaldian. Ez dute bisitaririk jasotzen. Eta Enara, argia ematen dien gaztea ere, kanpora joatekoa dela jakitean, etsipena eta kezka nagusitzen dira. Nola eragotzi herria itzaltzea? Nola biziraun?

Zaharkitzen dira herriak. Gazteek ihes egiten diote, halabeharrez, zerbait hobearen bila, edo ez dutelako bertan beraien lekurik aurkitzen. Garai batean aberatsa izandakoak, aberastasunak zabaldutakoa, kanpotik aberatsak ere erakarritakoak, isolaturik gelditzen ari dira; bizirauteko ia esperantzarik gabe. Bazterreko jendeari mugak itxi nahian ibiltzen gara, eta mugatuak bilakatu gara gu ere. Abiada bizian mugitzen den mundu honetan, bazterrean gelditzen dira lekuak; bazterrean gelditzen da jendea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun