Uraren Mundu Eguna Berako Toki Ona institutuko ehun ikaslerekin ospatu du Nilsak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 22a, 14:00
Toki Ona institutuko ikasleak Berako araztegian, Nilsako monitoreekin.

Hezkuntza-programaren baitan martxoan Nafarroa osoko ikastetxetako 113 talderekin lan eginen du enpresa publikoak

Uraren Mundu Eguna da gaur eta NILSAk, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko Departamentuari atxikitako enpresa publikoak, bere hezkuntza-programaren bidez ospatu du. Goiz osoan, Naiara Gorostidi eta Odei García de Acilu monitoreek Berako Toki Ona institutuko ia ehun gazte gidatu dituzte herriko araztegian eta Bidasoa ibaiaren ertzetan. Ikasleek ikasi ahal izan dutenez, uraren zikloak, ura hartzen denetik gizakiek erabiltzen duten arte eta naturara itzultzen den arte, pertsona bakoitzeko 34,77 kiloko karbono-aztarna sortzen du urtean, autoz 200 kilometroko bidaia baten baliokidea dena.

Jarduerak euskara hutsean eman dira, hezkuntza-programaren eskaintza hirueleduna baita (gaztelania, euskara, ingelesa). Instalazioetan hondakin-ura tratatzeko prozesua ezagutu dute, ondotik ibaiaren eta ibaiertzen egoera ekologikoa egiaztatzeko. Kontzientziazio-programa horren baitan, edateko uraren zikloa eta ondoren hondakinena ezagutarazteaz gain, baliabide hori aurrezteko eta ingurumena iraunarazteko jardunbide egokietan heztea ere lortu nahi dute, bereziki ibaietako ekosistemak garbitzeko eta animalien bizitza errespetatzeko.

 

Hezkuntza-programak izandako harrera ona kontuan hartuz, gaur egindako ekitaldiek bihar izanen dute segida, bertze talde batzuekin. Martxoan 113 talde programatu dituzte Nafarroa osoan eta dagoeneko eginak dituzte Sunbillan, Elizondon, Azagran, Lekunberrin, Tuteran, Ribaforadan, Cintruenigon, Lizarran eta Beran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun