600 kiloko gizonezkoen Euskal Herriko txapela ere jantzi du Beti Gazte sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 22a, 09:00

Oraingoz bortzetik bortz. Horiexek dira Beti Gazteko sokatira taldeak Euskal Herriko txapelketan lortutako txapelak. Larunbat honetan gizonezkoek 600 kilokoa zuten jokoan Getxon (Bizkaia) eta orain arte bezala, tiraldi bakar bat ere galdu gabe irabaztea lortu zuten.   Argazkiak: Potronko

Bigarren Ibarra izan zen, lesakarren kontra galdu eta gainerakoak irabazita. Podioko hirugarren koxkarako lehia estuan, kitarakoan Txantrea nagusitu zitzaion Berriozarri.

Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Joxe Angel Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oskar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Iñigo Altzugarai, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren, Unai Gurrutxaga erakusle eta Ander Mitxelena laguntzaile zutela.

Azken asteburuan azken bi txapelak jokoan

Gauza honela, oraingoz jokatu dituen bortz txapelak sakelan dituela, heldu den asteburuan Euskal Herriko txapelketako azken biak jokatuko dituzte Getxon. Lesakarrek, lehen aldiz Euskal Herriko txapel guztiak janzteko aukera izanen dute. Larunbatean txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian. Lesakako taldeaz gain, Txantrea, Berriozar, Antsoain eta Ibarrako neska-mutilak ariko dira. Gizonezkoek, 560 kiloko txapela izanen dute jokoan. Beti Gazterekin batera, Txantrea eta Antsoain lehiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun