Guardia Zibilak jakinarazpen batean azaldu duenez, duela hilabete batzuk, gauez, lapurreta egin zuten Lesakako janari-denda batean. Alarma-deiari erantzunez, Guardia Zibilaren patruila bat joan zen tokira, eta hainbat bizilagunen testigantza bildu zuen. Ondotik, gertatutakoaren berri eman zieten Foruzaingoari eta Ertzaintzari.
Azaldu dutenez, Ertzaintzarekin eta Foruzaingoarekin duten lankidetza hori funtsezkoa izan da ustezko lapurrek zein ibilgailutan ihes egin zuten identifikatzeko. Lehenengo bilaketa batean, kaxa erregistratzailearen kutxa aurkitu zuten dendatik hurbil dagoen erreka batean, eta, azkenean, kutxa hori lapurreta egin zuten dendakoa zela baieztatu zuten.
Bertzalde, Guardia Zibilak bere kontakizunean dioenez, Ertzaintzaren patruila batek lapurretaren abisua hartu baino minutu batzuk lehenago, bi ibilgailurekin topo egin zuen Errenterian eta agente batek horietako baten matrikularen zati bat buruz ikasi zuen.
Ondotik, lapurretaren abisua hartu zutenean, martxaren noranzkoa aldatu zuten eta Oiartzungo bide batean ibilgailu abandonatu bat aurkitu zuten. Ibilgailu hori minutu batzuk lehenago gurutzatu zutenarekin bat zetorren, matrikulak bat egiten zuen eta Lesakako janari-dendako lapurretarekin zerikusia zuela ondorioztatu zuten.
Iruñeko Guardia Zibileko Polizia Judizialaren Lurralde Taldeko agenteak Lesakako janari-dendako jabearekin elkarrizketatu ziren eta salaketa jartzeko beharrezko informazio guztia eman zioten. Agente horiek janari-denda eta Ertzaintzak aurkitutako ibilgailua begiz ikuskatu zituzten, eta gertaeren ustezko egiletzari buruzko zantzu garrantzitsuak lortu omen zituzten.
Gainera, janari-dendako bideo kamerak hartutako irudiak ikusi ondotik, ikertzaileek ikusi zuten aurpegia estalita zuten bi gizonezkok establezimenduko atea hausten zutela; horietako bat dendaren barnera sartzen zela, eta, handik minutu batzuetara, kutxa erregistratzailearen kaxarekin ateratzen zela eta kanpoan zainketan ari zen bertze pertsona bati ematen ziola ihes egiteko.
Ikerketa amaitu ondotik, agenteek egiaztatu dute akusatuetako bat 21 urteko gizonezko bat dela, Tolosakoa, eta Martuteneko espetxean zegoela espetxealdi prebentiboan antzeko delituengatik. Era berean, egindako ikerketen arabera ustezko egileetako bat aurkitu ahal izan dute eta, berriki, Nafarroako Guardia Zibilaren bulegoetara eraman dute dagozkion eginbideak egiteko.