Bertako gaztaina barietateak txertatzeko ikastaroa eginen dute heldu den larunbatean Arantzan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 20a, 14:00
Abenduaren 16an egin zen gaztainari buruzko hitzorduak ikusmina piztu zuen.

Bertako gaztaina barietateak galtzen ari direla ikusita, horiek berreskuratzeko proiektua abiatu du Arantzako Udalak, eta abenduan hasitako bideari heldu den asteburuan emanen dio segida. Txertatzen ikasteko ikastaro praktikoa eta teorikoa antolatu du martxoaren 27an.

Bertako gaztaina barietateak errekuperatzeko helburuarekin, hiru urtez luzatuko den proiektua du esku artean Arantzako Udalak, eta tarte horretan hainbat formazio emanen dituztela jakinarazi du. Bertzeak bertze, gaztainak nola zaindu behar diren edota zahartutakoak nola berreskuratu azalduko dute baita gaztainarekin zein aukera dauden aztertu ere. Proiektu horren barne, joan den abenduan egin zuten lehenbiziko saioa, Efren Martin gaztainetan adituarekin, Mikel Diaz Nafarroako Gobernuko mendiko ingeniariarekin eta Joseba Ibargurengoitia Euskal Herriko Haizen Sareko kidearekin.

Heldu den larunbatean, martxoaren 27an, eginen da hurrengo saioa. Aurten hiru saio izanen direla adierazi dio Dabid Iturria Arantzako alkateak TTIPI-TTAPAri, «udaberrian, udazkenean eta neguan» eta horietan lehenbizikoa izanen da martxokoa. Zehazki, bertako gaztaina barietateak txertatzeko ikastaroa izanen da. Goizean, saio praktikoa eginen dute eta horretarako 08:30ean bilduko dira Herriko Plazan. Arratsaldean, berriz, alde teorikoa landuko dute, 16:00etan, eskolan.

Osasun egoera dela eta, edukiera mugatua izanen dela ohartarazi du Arantzako Udalak, eta hala, interesa dutenek aitzinetik izena eman beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun