Igantziko neska-mutikoek lehiakor segitzen dute Nafarroako Herri Kirol Jokoetan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 17a, 17:00
Igantziko kirolariak arpanean, igandean Antsoainen jokatutako jardunaldian.

Haur mailako taldea garaile suertatu zen igandeko jardunaldian eta kimu eta kadete mailakoak bigarren, irabazleetatik hurbil

Antsoainen jokatzen ari diren Nafarroako Herri Kirol Jokoen hirugarren jardunaldia egin zuten martxoaren 14an eta lehenbizikoetan bezala, Igantziko taldeak (eskualdeko ordezkari bakarrak) ederki ibili ziren. Haur mailako taldea irabazle suertatu zen eta kimu eta kadete mailakoak bigarren izan ziren, baina irabazle suertatu ziren taldeetatik aski hurbil.

Kimu mailako (11-12) urte proba konbinatuan Berriozar nagusitu zen (7:05.00), Igantzi izan zen bigarren 65 ehunenetara (7:05.65), Araxes hirugarren (7:10), Antsoain A laugarren (7:42), Antsoain B bosgarren (7:53) eta Berriozar B seigarren (8:06).

Haur mailako proba konbinatuan (13-14 urte), erran bezala, Igantzik irabazi zuen aitzineko bi jardunaldietan bezalaxe (9:11). Segundo bakar bat gehiago behar izan zuen Antsoain Ak (9:12), Araxes izan zen hirugarren (9:25), Berriozar laugarren (10:17), Antsoain B bosgarren (10:54) eta Txantrea seigarren (11:03)

Bi kategoria hauetan, lau jardunaldi eta finala jokatuko dira, martxoaren 28an Antsoainen. Lau jardunaldiko denborak batuta, denborarik onenak lortzen duten lau taldeek lortuko dute finalerako txartela eta, beraz, Igantziko bi taldeek nahiko bideratua dute finalerako sailkapena.

Kadete mailako proba konbinatuan (15-16 urte) Berriozar suertatu zen garaile igandean (10:47); Igantzi izan zen bigarren  lau segundora(10:51), Antsoain hirugarren (11:05) eta Txantrea laugarren (13:48). Kategoria honetan bortz jardunaldi jokatuko dituzte liga sistema bidez (puntutara). Igandean, beraz, Berriozarrek 4 puntu lortu zituen, Igantzik 3, Antsoainek 2 eta Txantreak bakarra eta berdintasun handia dago sailkapen orokorrean, batez ere lehenbiziko hiru postuetan.

Sokatiran ere ari dira gaztetxoak, baina ez da eskualdeko ordezkaririk. Igandean, haur mailan Antsoaingo taldeak nagusitu ziren eta kadete mailan Berriozarkoa.

Nafarroako Herri Kirol Jokoetako laugarren jardunaldia martxoaren 21ean, igandean jokatzekoa da Antsoainen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun