Emakumeen pisu arineko txapela ere irabazi du Beti Gaztek Euskal Herriko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 15a, 10:00

Euskal Herriko sokatira txapelketako bigarren asteburuan, emakumeen 500 kiloko txapela jokoan izan dute larunbatean Getxoko Fadura pilotalekuan. Joan den astean pisu astunekoa lortu ondotik, oraingoan pisu arineko txapela ere nagusitasunez lortu du Beti Gaztek, tiraldi guztiak irabazita. Argazkiak: Potronko

Beti Gazteren ondotik, Ibarra (Gipuzkoa) bigarren izan zen eta Txantreak osatu zuen podioa. Joan den urteko Munduko txapelketan urrezko bi domina lortutako Badaiotz gasteiztarrak, beraz, podiotik kanpo gelditu ziren, laugarren, eta Berriozar bosgarren izan zen.

Zortzikote txapeldunean Aitziber Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Irantzu Goienetxe, Karmele Pikabea, Maddalen Lopez, Udane Arbelaitz (Oiartzun), Udane Loidi (Oiartzun) eta Maria Iantzi igantziarra aritu ziren, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.

Beraz, oraingoz, jokoan zeuden lau txapelak lortu ditu Beti Gaztek Euskal Herrikoan. Iaz, zazpi kategorietatik bortzetan irabazi zuten txapela.

 

Falta direnak

Aitzinera begira, martxoaren 20an gizonezkoen 600 kiloko txapela izanen dute jokoan eta martxoko azken asteburuan, hilaren 27an txapelketa mistoa eta 28an gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun