Ikasle nahiz irakasleen artean, «ikasturte hasieratik ezjakintasuna» sentitu du. Hori bai, «hasiera-hasieratik» jakin du «ikasturte osoan sistema bimodalean ariko garela, hau da, aste bat unibertsitatean presentzialki eta hurrengoa etxetik online». Eta halaxe izaten ari da: «hilabeteko bigarren eta laugarren asteetan Gasteizera joaten naiz klase presentzialetara eta lehenbiziko eta hirugarren asteetan, aldiz, Lesakatik ordenagailu bitartez aritzen naiz». Horretarako, 55 ikasleko talde bat 27 eta 28 ikasleko bi azpitaldetan banatu dutela kontatu digu eta «oraingoz, gure azpitaldean ez dauden bertze 28 ikaskideak ez ditugu ezagutzen».
Joan den urtean jaso zituen online lehenbiziko eskolak: «lehengo urteko kurtso bukaera online egin behar izan genuen. Banekien gutti goiti-beheiti nolakoa izanen zen esperientzia. Baina hala ere, institututik unibertsitaterako salto horrek beldurra sorrarazten zidan, ez bainekien nola moldatuko nintzen ez ikasketekin, ez egoerarekin, ezta giro honetan ere, bakarrik sartu bainintzen gradura». Hala ere, dagoeneko «martxa hartu» duela azaldu digu: «martxa hartuta ez zait hainbertze kostatzen modu honetan lan egitea».
«Ikasketa sistema hau ez da eraginkorra»
«Orokorrean nahiko ongi moldatzen» ari direla dioen arren, «ikasketak egiteko hagitz modu zaila» iruditzen zaio eta bere ustez, «hezkuntza sistema ez dago ikasketa prozesua horrela emateko prestatua. Klase presentzialetan ikaskideekin interakzioan gaude momentu oro eta online ari garenean soilik irakaslearen azalpenak aditzen ari gara». Alde horretatik, «hezkuntza ez dagoela prestatua» pentsatzez du eta areago: «ez da eraginkorra». «Hezkuntzako edozein etapatan, zuzeneko kontaktua izatea garrantzitsua da. Irakaslearen hurbiltasun hori sentitzeak konfiantza edo segurtasun gehiago ematen dit ikasterakoan».
«Hezkuntza sistema ez dago ikasketa prozesua horrela emateko prestatua»
Zuriñe ERKIZIA CONDE
Ikasketak manera horretan egiteak «hezkuntzaren kalitatea okertzen» duelakoan dago lesakarra eta «lanak egiterakoan edo azterketetarako ikastean gure maila ez dela sobera altua nabaritu dut, gaizki-ulertuak maiz sortzen baitira». Hala, alde txar aunitz ikusten dizkio ikasteko sistema honi: «online zauden asteetan bakarrik hartzen dituzu klaseak, zailagoa da arreta mantentzea, gaiak ikastea ere gehiago kostatzen da, konexio arazoak baldin badaude ezinezkoa da klasea ongi jasotzea, talde lanak egiteko zailtasunak sortzen dira…». Alde onak guttiago direla dio, baina bat nabarmentzearren «etxetik klaseak hartzeko dugun erosotasuna» aipatu du.
Askatasun falta
Ikasketetatik kanpo ere «bizimodua aldatu» zaiola onartu du Erkiziak: «kanpora atera eta erabat lasai gauzak egin ezin izatea nekagarria da». Gehiago ere bai: «19 urterekin jende berria ezagutzea, sozializatzea, jendearekin egotea oinarrizkoa da eta hein handi batean askatasun hori kendu digute, talde berdinarekin egotera behartzen gaituztelako momentu oro». Arduraz ere mintzatu da: «edozein gauza egiten dugula ere, bi aldiz pentsarazten digute eta gainera, ez da norberaren ardura bakarrik, ingurukoen osasuna ere kontuan hartu behar delako. Ongi egotearen ardura etengabe gugan dago». Edozein moduz, hurbilekoekin egoteari bere alde ona ere bilatu dio: «hurbilekoak gehiago baloratzen ikasi dugu, eta beraiekin gauden momentuak gehiago disfrutatzen ere bai».
«19 urterekin jendea ezagutzea, sozializatzea, jendearekin egotea oinarrizkoa da eta hein handi batean askatasun hori kendu digute»
Zuriñe ERKIZIA CONDE
Bistakoa da pandemiaren eragina sumatu duela, baina inguruan ez du genero desberdintasunik nabaritu: «ikasketetan denok neurri berdinak izan ditugu eta oinarri berarekin hasi ginen». Hortik kanpo, ordea, egoera bertzelakoa izan daitekeela pentsatzen dut: «datuen arabera, konfinamendu hasieratik orain arte genero indarkeriaren ehunekoak gora egin du. Eta beraz, emakume batzuei gehiago edo okerrago eragin die pandemiak».