«Kontua ez zen eskolak itxita zeudela bakarrik. Haurrak etxean izanagatik, nik lanean segitu behar nuen, gainera herritik kanpo, eta ez hori bakarrik. Haurrek eskolako lanak etxean egin behar zituzten, gutti goiti-beheiti eskolako dinamika berdintsuarekin». Hura «izugarria» izan zela dio: «Ikasturtea bukatu zenean familiak eta haurrak zoriondu gintuzten, primeran lan egin zutela erranez, eduki guztiak etxean lantzea lortu zutelako. Baina zein baldintzatan? Eromena izan zen».
Udan ere sumatu zituen ondorioak: «udal ludotekak itxi zituzten eta pribatuetan dirutza ordaindu behar izan genuen. Baina edozein sintoma susmagarrirekin ez zegoen joateko aukerarik. Gure kasuan hoztu eta mukiak izan zituztenez, gainerakoak estutasunean ez jartzeagatik etxean gelditu ziren». Eta ikasturte hasiera ere ez zen samurra izan: «Zein baldintzatan itzuli ziren? Eta nire seme-alaben kasuan, flemak eta mukiak zirela eta, badaezpada egun batzuez etxean gelditu ginen». Hala ere, «zorteko» sentitzen da: «nagusiek egoera ulertu zuten eta ez zidaten etxean gelditzeko inongo eragozpenik jarri».
«Gehiegizko beldurra erabiltzen ari dira»
Ainhoa IGUIÑIZ SANTIAGO
«Gehiegizko beldurra erabiltzen ari direla» salatu nahi izan du: «Ez lukete beldurra nahita irrazionalki erabili behar, berdin du nori edo zeri, dena beldurra da, bereizi gabeko beldurra». Baina zaintza dela eta, «buruan zama handiagoa eta aurreikusi beharreko kontu gehiago» sentitzen ditu Iguiñizek. Denbora guztian egoerara egokitzeko izaten ahal dituen zailtasunek «beldurra» eta «kezka» sortzen diote, «ez hozteko eta sintoma susmagarriak ez agertzeko kezka, konfinatzeko beldurra... Hagitz gogorra eta zaila da».
Genero berdintasunari ere erreparatu dio Iguiñizek, eta bere ustez, pandemiaren ondorioak ez dira berdinak izan gizonezkoen eta emakumezkoen artean: «Bereziki guretzat, emakumezkoontzat, ondorioak okerragoak izan dira». Argi du «zaintza lana» dagoela horren gibelean: «haur eta adinekoen zaintza batez ere emakumeon esku dago eta ez da batere erraza».
«Edozein krisik genero desberdintasunak areagotu» egiten dituelakoan dago Berakoa, «emakumezkoen lanak prekarioagoak dira, zaintzaren ardura gure esku dago...» eta «pandemiarekin desberdintasun horiek ageriagoan gelditu dira».