Gaur egun 1.315 bazkide dituen Beti Gazte elkarteak urteko batzarra egin zuen martxoaren 6an Harriondoan. Joan den urteko batzarra urrian egin zen eta orduan hasi zen zuzendaritza batzordeak segituko du lanean, Ander Abuin presidentea buru dela.
Joan den urtean hainbat ekitaldi bertan behera utzi behar izan zituen elkarteak, Covid-19ª dela eta, bai kultur arloan (margo azkarreko lehiaketa, argazki rallya, kultur irteerak, ajoarriero lehiaketa, talde egonkorren asteroko entseguak…), baita kirolean ere (Lesakako Mendi Itzulia, futbol ligak, martxa zikloturista, BTT itzulia, Zubigaineko krosa…).
Aurtengoari dagokionez, 131.533 euroko aurrekontua onartu zuten ahobatez batzarrean eta ohiko kirol eta kultur ekitaldiekin batera, gehiago ere aurreikusi dituzte: argazkilaritza eta sukaldaritza tailerrak, errekaren eguna, txirrindularitza gazteen ekitaldiak, hitzaldiak… Neurri zorrotzak hartuko ditu Beti Gaztek hauek gauzatu ahal izateko eta ahal den guztia eginen dute. Erraterako, maiatzaren 9rako Salvador Yanci zenaren omenez txirrindularitza irteera aurreikusia dago.
Aipatzekoa da komunikazio arloa ederki sendotu duela Beti Gaztek, web-orri ofiziala eta sare sozialak berritzeaz gain, difusio taldea sortu baitu bazkideekin harreman estuagoa izateko eta sei hilabetero argitaratzeko asmoa duten aldizkariaren lehenbiziko zenbakia ere karrikaratu baitu.