‘Zaindu dezagun gure osasun etxea’ elkarretaratzea egin dute berriz ere Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021eko martxoaren 10a

Lesakako Osasun Zentroaren atarian elkarretaratzeak egiten hasiak dira berriz ere asteazken goizetan.

Urteko lehenbizikoa izan da eta hemendik aitzinera asteazkenero 10:00etan paratu dute hitzordua

Joan den urte hondarrean egindakoaren bidetik, berriz ere Lesakako Osasun Etxearen atarian elkarretaratzeak egiten hasiak dira, ‘Zaindu dezagun gure Osasun Etxea’ goiburupean, Nafarroako Osasun Plataformak deituta. Gaurkoa izan da urteko lehenbizikoa eta hemendik aitzjnera, asteazkenero 10:00etan paratu dute hitzordua Osasun Etxearen atarian.

Elkarretaratzean aipatu dutenez, «bizi dugun pandemiak agerian utzi ditu Osasun sistemak zituen gabeziak, telefonozko arreta hutsa, medikuen falta, zenbait espezializaziotan hutsuneak, zentralizatzeko arriskua…».

Nafarroako Osasun Plataformaren erranetan, «herriek bizirik segitzeko zerbitzuak beharrezkoak dira, despopulazioa ekiditeko, herrian bizi ahal izateko. Zuzenean edo zeharka, denei eragiten digun gaia delako, zaindu ditzagun gure osasun etxeak!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun