Man in the middle izeneko metodoarekin egin zuten iruzurra, hau da, bi enpresen arteko korreo elektronikoak hackeatuta, eta zenbait hedabidek zabaldu dutenez, atzo zigortu zutena talde kriminal bateko peoia izan daiteke. Atzo zigorra onartu eta 13 hilabetez 100.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko du.
2015eko azaroan gertatu zen guztia, akusatuak eta bere kolaboratzaileek Nova Sea Norvegiako enpresaren zerbitzari informatikoak hackeatu zituztenean. Arrain salmentan aritzen den enpresa da Nova Sea, eta Berako Vensy enpresarekin korreo elektroniko bidez izandako solasaldietako informazioa lortu zuen. Norvegiako enpresaren izenean korreo elektroniko bat bidali zieten –benetako korreo elektronikoaren letra bat aldatuta, gisa honetara ia sumaezina da aldaketa–, bankuko kontu zenbakia aldatu zutela erranez, eta gaizkileena zen bertze kontu bat emanez.
Ordaindu gabeak ziren faktura batzuk erreklamatu zituzten gero, eta kontu berrian ordaintzeko eskatu zizkieten. Berako enpresak fakturak ontzat eman eta 2015eko abenduan ordaindu zituen: 98.000 euroko faktura bat eta 116.769 euroko bertze bat. Nova Sea enpresatik benetako mezua jaso zuenean konturatu ziren gertatutakoaz.