Otsaileko suteen harira Beran egitekoa zen manifestazioa bertan behera

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 10a, 06:45

Martxoaren 13an Beran egitekoa zen manifestazioa bertan behera uzteko erabakia hartu du Berako Udalak. Izan ere, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak edukiera mugatu du eta, hau betetzen ez bada, udalak ondorio legalak izan ditzake.

Berako Udalak jakinarazi duenez «Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak hagitz aforo murritza jarri digu manifestazioa baimentzeko». Egindako aurreikuspenen arabera, larunbatean, «jende dezente hurbilduko zen Berara» eta «segurtasun neurriak prest» bazituzten ere, «jende uholde bat ez izatea» ziurtatu ezin dutela adierazi du Aitor Elexpuru Berako alkateak. Gainera, edukiera arauak betetzen ez badira Berako Udalak «ondorio legalak» izan ditzakeela azpimarratu du. 

Azkenik, Berako Udaletik «ekitaldi hau deitua izan den helburuen alde lanean» segituko dute: «sutea sortu dutenak nortzuk izan diren argitzen lagunduz eta erantzukizunak eskatuz, gure natura-ondarea babesten jarraituz, suhiltzaile eta babes zibileko langileak eskertuz, eta mugaz gaindiko herri lur eta mendien kudeaketa bateratua bultzatuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun