Otsaileko suteen harira eginen den manifestazioa egiteko 50 boluntario behar dituzte

Ttipi-Ttapa 2021eko martxoaren 9a

Berako Udalak aitzinetik eskerrak eman nahi izan dizkie, bertze behin ere, beraien laguntza eskaini dutenei.

Larunbatean egitekoa den manifestazioa pandemiara egokitutako segurtasun neurriekin egin nahi du Berako Udalak. Horretarako, 50 boluntarioren laguntza behar du

Herria eta natura-ondarea babesteko, erantzukizunak eskatzeko, mugaz gaindiko mendi politika bateratuak bultzatzeko eta suhiltzaile zein babes zibileko langileen lana eskertzeko Berako, Lesakako, Biriatuko, Urruñako, Azkaineko eta Sarako udalek manifestazioa deitu dute martxoaren 13an 16:00etan Beran.

Manifestazioa segurtasunez egiteko 50 boluntario behar dira. Berako Udalak bidalitako oharrean adierazi duenez «lan erreza izanen da: trafikoa bideratu, manifestazioa nondik joanen den adierazi eta segurtasun neurrien berri eman», bertzeak bertze.

Laguntzeko prest daudenekin udalak bilera eginen du martxoaren 11n, ortzegunean, 18:30ean kultur etxean lanaren nondik norakoak azaltzeko. Laguntzeko prest dauden herritarrek izena emateko udalera deitu (948 63 00 05) edo bera@bera.eus helbidera idatzi behar dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun