Dizdizka abesbatzaren kontzertua antolatu du Giltzarrik larunbatean Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 10a, 09:00
Errenteriako Dizdizka gazte abesbatzako kideak.

Errenteriako talde gaztearen emanaldia 18:00etan hasiko da Harriondoan

Giltzarri Abesbatzak antolatuta, Dizdizka gazte abesbatza Lesakako Harriondoa Kutur Etxean entzuteko aukera izanen da martxoaren 13an, larunbatean, 18:00etan.

Errenteriako Landarbaso Abesbatza famatuaren talde gaztea da Dizdizka. 2016ko otsailean sortua, urte bereko apirilaren 24an eskaini zuen bere lehenbiziko kontzertua, sorterrian bertan, Landarbaso Munduan izeneko ekitaldiaren barrenean. Kontzertu ugariren protagonista izan da geroztik: Donostiako Hamabostaldian, Beasainen eta Kantabriako Colindresen eta Polancon, errate baterako.

Egun 33 partaidez dago osatua, eta musikak dakarren plazera sentiaraztea da bere helburu nagusia, kantari gazteekin lanerako grina eta konpromisoa landuaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun