Igantziarrek indartsu segitzen dute Nafarroako Herri Kirol Jokoetan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 9a, 15:00
Igantziko kimu eta haur mailako kirolariak Nafarroako Herri Kirol Jokoetan, lehen jardunaldian ateratako argazkian.

Igandean Antsoainen jokatutako bigarren jardunaldiko proba konbinatuetan garaile izan ziren haur eta kadete mailan eta bigarren kimu mailan

Otsailaren 28an hasi ziren Nafarroako Herri Kirol Jokoak Antsoainen eta lehen jardunaldi hartan, proba konbinatuan, haur mailan garaile eta kimu mailan bigarren izan zen Igantziko taldea, eskualdeko ordezkari bakarra aurten. Martxoaren 7an jokatu zen bigarren jardunaldia eta oraingoan kadeteak ere sartu ziren jokoan. Emaitzak bikainak izan dira oraingoan ere: kadete eta infantil mailan garaile izan zen Igantzi eta kimu mailan bigarren.

Kimu mailako (11-12) urte proba konbinatuan Araxes nagusitu zen (6:58), Igantzi izan zen bigarren (7:22), Berriozar A hirugarren (7:30), Antsoain A laugarren (7:55), Antsoain B bosgarren (7:59) eta Berriozar B seigarren.

Haur mailako proba konbinatuan (13-14 urte), erran bezala, Igantzik irabazi zuen bigarren jardunaldian ere (9:16). Antsoain A bigarren izan zen (9:30), Berriozar hirugarren (10:11), Araxes laugarren (10:30), Antsoain B bosgarren (10:33) eta Txantrea seigarren (11:13)

Bi kategoria hauetan, lau jardunaldi eta finala jokatuko dira, martxoaren 28an Antsoainen. Lau jardunaldiko denborak batuta, denborarik onenak lortzen duten lau taldeek lortuko dute finalerako txartela eta, beraz, Igantziko bi taldeek nahiko bideratua dute finalerako sailkapena.

Kadete mailako proba konbinatuan (15-16 urte) ere Igantzi suertatu zen garaile igandean (11:00); Antsoain izan zen bigarren (11:19), Berriozar hirugarren (11:28) eta Txantrea laugarren (13:48). Kategoria honetan bortz jardunaldi jokatuko dituzte liga sistema bidez (puntutara). Igandean, beraz, Igantzik 4 puntu lortu zituen, Antsoainek 3, Berriozarrek 2 eta Txantreak 1.

Sokatiran ere ari dira gaztetxoak, baina ez da eskualdeko ordezkaririk. Haur mailan nahiz kadete mailan Antsoaingo taldeak nagusitu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun