Euskal Herrikoan ere agintzen eta txapelak janzten hasi da Beti Gazte sokatira taldea

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 8a, 13:00
Beti Gazteko gizonek eta emakumeek asteburuan Getxon jokoan zeuden Euskal Herriko hiru txapelak ekarri dituzte Lesakara.

Asteburuan Getxon jokatutako hiru txapelak eskuratu dituzte, emakumezkoek 540 kilokoan eta gizonezkoek 680 eta 640 kilokoan

Euskal Herriko sokatira txapelketa abiatu da asteburu honetan Getxon (Bizkaia) eta Nafarroakoan egindako bidetik, jokoan zeuden hiru txapelak Lesakara ekarri zituen Beti Gaztek. Larunbatean, emakumezkoak eta gizonezkoak aritu ziren pisu astunenetan, 540 eta 680 kilotan, hurrenez hurren. Bietan txapeldun izan zen Beti Gazte. Igandean, 640 kilokoan aritu ziren gizonezkoak eta hauek ere, tiraldi guztiak irabazi eta ekarri zuten txapela.

Emakumezkoen 540 kilokoan tiraldi guztiak irabazi zituen Beti Gaztek eta Ibarrak eta Badaiotzek beraien artekoan berdindu egin zuten. Beraz, 6 punturekin txapeldun Beti Gazte eta puntu banarekin gelditu ziren Ibarra eta Badaiotz. Zortzikote txapeldunean Aitziber Goienetxe, Amaia Leiza, Karmele Pikabea, Irantzu Goienetxe, Ane Gurrutxaga, Udane Arbelaitz, Arritxu Muxika eta Maria Yancik tiratu zuten, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.

Emakumeek pisu astuneneko txapela lortu dute, 540 kilokoa.

 

Gizonezkoen 680 kilokoan, azkenean Beti Gazte eta Ibarra aritu ziren bakarrik eta lesakarrak gailendu zitzaizkien gipuzkoarrei. Joxe Angel Mitxelena, Ander Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oscar Telletxea, Beñardo Iantzi, Beñat Ordoki, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren pisu astuneneko zortzikotean, Paskual Taberna erakusle zutela.

Gizonezkoak txapeldun izan dira 680 eta 640 kiloko kategorietan.

Igandean, gizonezkoen 640 kilokoan, Beti Gazte izan zen txapeldun, Ibarra bigarren eta Txantrea hirugarren. Joxe Angel Mitxelena, Ander Mitxelena, Mikel Apeztegia, Oscar Telletxea, Beñardo Iantzi, Iñigo Altzugarai, Eneko Saldias eta Gerardo Telletxea aritu ziren zortzikote txapeldunean, Paskual Taberna erakusle zutela. Beraz, aldaketa bakarra egin zuten bezperatik eta Iñigo Altzugarai sartu zen Beñat Orkokiren ordez. 

Hurrengo txapelketak

  • Martxoaren 13an emakumezkoak 500 kilokoan ariko dira. Lesakarrekin batera, Txantrea, Badaiotz, Berriozar, Antsoain eta Ibarra lehiatuko dira.
  • Martxoaren 20an gizonezkoen 600 kiloko txapela erabakiko da Beti Gazte, Ñapurrak, Txantrea, Berriozar eta Ibarraren artean.
  • Martxoaren 27an txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian. Beti Gazte, Txantrea, Berriozar, Antsoain eta Ibarrako neska-mutilak ariko dira.
  • Martxoaren 28an, azkenik, gizonezkoak pisu arinenean ariko dira, 560 kilotan. Beti Gaztek, Txantreak eta Antsoainek bakarrik aurkeztuko dute zortzikotea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun