Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentua Bidasoko Lehenbizikoaren salmenta debekatzea aztertzen ari da eta horrek Bera, Baztan eta Las Nazas arrantzale elkarteen egonezina eragin du. «Ez dugu ulertzen ongi zertara datorren proposamen hori», aipatu digu Lorenzo Jaurena, Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteko presidenteak.
Berako Ehiza eta Arrantza Elkartearen ustez, «Bidasoa ibaiko eta bertako arrantzaleen tradizio baten bukaera» ekarriko luke proposamena betetzeak. «Dirua ia sinbolikoa da, eta garrantzitsuagoa da egun horretan arrantzale eta komunikabideen artean sortzen den ikusmina. Bidasoaren inguruko publizitateari eta sustapenari dagokienez, garrantzitsua da». Hala ere, arrantzaleekin izandako bileretan azaldutakoaren arabera, Ingurumen Departamentuak uste du salmenta debekatzeak ez lukeela galaraziko tradizioari eustea eta ez liokeela hitzorduari ikusmina kenduko.
Orain artean, Lehenbizikoa da Bidasoa ibaian arrantzatutakoen artean saldu daitekeen izokin bakarra eta azken urteetan 1.800 euro inguruko prezioan saldu izan da. Iaz ez. Izan ere, pandemiaren eraginez 500 euro inguruko eskaintza izan zuen Burlatako David Miranda Elizalde arrantzaleak eta ez saltzea erabaki zuen, «horrelako sari enblematikoari garrantzia kentzea» litzatekeelakoan. Asturias aldean ere garrantzi handia izaten du Campanu izokinak ere, hango ibaietako lehenbizikoak, «baita turismoa sustatzeko ere, eta hemen, aldiz, deus kaltegarririk ez duen ekintza bati indarra kendu nahi diote, zail egiten zaigu ulertzea», dio Jaurenak.
Berako Ehiza eta Arrantza Elkarteak berez maiatzaren 1ean hastekoa den denboraldia apirileko bigarren igandera aitzintzea ere eskatu du, «baina ez dugu uste kasu handirik eginen digunik», aipatu digu Lorenzo Jaurenak.