Ricardo Baroja ikastetxeko ikasleek 'Ibaiko bertze arrainak' erakusketa bisitatu dute

Ttipi-Ttapa 2021eko martxoaren 5a

Aitzineko astean Ricardo Baroja ikastetxeko ikasleak Alkaiagako Garbigunean izan ziren eta erreketan eta itsasoetan bukatzen duten hondakinek sortzen dituzten arazoen inguruan solasean aritu ziren.

Bisitan Bortzirietako Garbigunea ezagutzeko aukera izan zuten, eta bertan zein hondakin mota biltzen diren eta nola kudeatzen diren ikusi zuten.

Hondakinen prebentzioa landu zuten, hau da, zer egin gure egunerokotasunean ahalik eta hondakin gutien sortzeko; pila berrerabilgarriak erabili, oihalezko poltsak, arraina erosteko tuperrak eta erabilera bakarreko plastikoak saihestea, bertzeak bertze. Azkenik, erabilera bakarreko plastikozko botilak saihesteko, kantinplora bana banatu zitzaien.

Ibaiko "bertze" arrainak' erakusketa

Bortzirietako Mankomunitateak, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak eta Izarbeibarko Mankomunitatearen artean Ibaiko bertze arrainak erakusketa sortu dute. Erakusketaren helburua herritarren artean gure erreketan eta itsasoetan bukatzen duten hondakinek sortzen dituzten arazoen inguruan hausnarketa bultzatzea da. Erakusketa ikusteko ordutegia astelehenetik ortziralera 12:00etatik 15:00etara izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun