Leire ELZAURDIA MENDIBERRI

«Hasieran jendea ez zen kontziente Brexitaren ondorioez»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 21a, 10:00
Brexitaren hastapenetan Erresuma Batuan zegoen beratarra.

Leire ELZAURDIA MENDIBERRI, Berako ingeniari optikoa

Ikasketak eta bidaiatzeko zirrarak bultzatuta sorterritik urrun hainbat esperientzia ezagutzen ari da Leire Elzaurdia (Bera, 1993).

Ingeniaritza optikoa bukatu eta masterra  Euskal Herritik kanpo egin nahi zuela erabaki zuen beratarrak. Horrela, Oxforderako bidea hartu zuen. Lehenbiziko, ingeles maila hobetzeko asmoz, au pair lanetan ibili zen. Ondotik, Glasgowen masterra egin eta urtebetez lanean aritzeko aukera izan zuen. Abuztu hondarretik azaroa arte Grezian errefuxiatuen kanpamendu batean boluntario lanean aritu da. Bertatik itzultzean Granadan lan eskaintza bat egin zioten CSICetik eta orain bertan dabil teleskopioak eta sateliteak diseinatzen. Bere ibilbideaz eta, batez ere, Brexitaz, aritu da Ttipi-Ttaparekin.

Zergatik erabaki zenuen Oxfordera joatea?

Madrilen optika eta optometria ikasi nuen eta ikasketak bukatu eta gero fisika arloan master bat egin nahi nuela erabaki nuen, zehatzago, optika eta fotonika arloan. Kanpoan egin nahi nuen eta, ingeles maila altua behar nuenez, Erresuma Batura hilabete batzuez joatea erabaki nuen. Oxforden au pair lanean urte betez aritu nintzen eta lana ingeles ikasketekin uztartu nuen. Ingeleseko azterketan nota ona atera nuen eta Eskoziako unibertsitate batean masterra egitea erabaki nuen. Glasgowen ia-ia hiru urtez bizitzen egon nintzen, urte bat masterra ikasten eta urte eta erdi enpresa batean ingeniaritza lanetan.

Zer da Brexita?

Brexit hitza laburdura bat da, Britania eta exit hitzekin sortutako kontzeptua. Honek Erresuma Batua Europar Batasunetik ateratzeari egiten dio erreferentzia. Duela urte gutti, 2016an, egin zuten bozketa eta Erresuma Batuak Europar Batasunetik ateratzeko interesa erakutsi zuen. 2016ko ekainaren 23an egin zen bozketa bat eta Erresuma Batuko biztanleen %28,1ek Europar Batasunean gelditu eta bertze %51,8ak atera nahi zuen. 2019ko martxoaren 29an Brexita gertatuko zela pentsatzen zuten eta hori luzatzen eta luzatzen joan zen adostasun ekonomiko batera ailegatu arte.

Zein izan dira Brexitaren ondorio nagusiak?

Egia erranda, niri Brexitak ez dit zuzenean eragin. Justu Erresuma Batuan nintzen adostasun batera ailegatzen ari ziren bitartean. Ni ingeniari optika lanean enpresa batean ari nintzen eta kontratu bat baldin baduzu, zuk zure bizia egiten segitzen ahal duzu. Oinarrian, ez da ia deus ere aldatu. Hori bai, gobernuaren aplikazio bat bete behar da, baina ez da batere zaila. Bertan, zure eta gizarte segurantzako datuak eman behar dituzu.

Bertako biztanleek Brexitarekin aitzinera segitu nahi dute?

Nire ustez, jende anitzek pauso bat gibelerat egin nahiko luke Brexitaren auziarekin. Hasieran jendea ez zen hagitz kontziente eta gero ohartu ziren Europatik ateratzeak dituen ondorioez. Argi dago bertako makroekonomiak mundu mailan garrantzia galduko duela, baita Europa mailan ere. Galera hori, Europar Batasuneko herrialde guztiek nabarituko dute. Nik uste aldaketa horiek antzematen lehenbizikoak elikagai industriakoak izan direla eta ez dakit hori kontuan hartu duten politikariek. Horren adibide garbia izan zen Eguberri bezperan Doverreko portuan sortu ziren kamioi ilara amaigabeak. Hortaz, alde onak zein txarrak ditu eta ez dakigu nolakoa izanen den etorkizuna. Oraingoz, badirudi, berdintsu segitzen duela, baina nork daki etorkizunean zer gertatuko den.

Brexita eta ikasketak bateragarriak dira?

Nire kasuan bateragarriak izan dira. Hala ere, aipagarria da, hemendik aitzinera Erresuma Batuak ez duela Erasmus ikasketa programan parte hartuko. Turing programa propioa eskainiko du.

Brexitarekin Eskoziak independentzia errazago lor dezake?

Eskozia Europar Batasunetik ateratzen bada Nicola Sturgeon lehen ministroak bertze erreferendum bat iragarri du. Brexitak Eskoziako ekonomian ere eragin du, baita ziurgabetasun atmosfera nabaria ere. Horregatik, prozesu hau gibelatuz eta gibelatuz joan da. Brexita ez da Eskoziako Parlamentuaren erabaki bat izan, Londreseko erabakia izan da. Eskoziarren %82 Europar Batasunetik ateratzearen kontra zegoen. Beraz, Eskozia ez dago eroso eta mehatxatuta sentitzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun