Ana Eliza RODRIGUES

«Modelo izateak sakrifizio aunitz eskatzen ditu»

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 6a, 09:00
Ana Eliza Rodrigues Donostiako Maria Cristina hotelean Isabel Zapardiez diseinatzailearen jantzien desfilean.

Ana Eliza RODRIGUES GOMES, Arantzako modeloa

16 urte zituenetik pasarela aunitz zapaldu ditu, aldizkarietako azaletan eta jantzien katalogoetan agertu da. Bidean ikusi eta ikasi duenaz, gustatu zaionaz eta gustatu ez zaionaz mintzatu da TTIPI-TTAPArekin.

Brasilen, sorterrian, eman zituen modelo gisa lehenbiziko pausoak, eta 15 urterekin, Euskal Herrira etorri zenean, heldu zion gustuko zuenari, maite duelako «arropa erakustea» eta «hagitz ongi» sentitzen delako «pasarelan». Hamar urte beranduago, egindako ibilbideaz eta modan «itxurak duen gehiegizko garrantziaz» solastatu da Ana Eliza Rodrigues 25 urteko gaztea.  

Noiz eta nolatan hasi zinen modelo munduan?
Nire lehenbiziko desfileak 11 bat urterekin egin nituen. Brasilen bizi nintzenean, eskolan, inguruko dendetako jantziekin udaberriko desfileak egiten ziren eta han hasi nintzen. Gero, 15 urterekin, Arantzara etorri nintzenean, Donostiako modelo agentzia batean apuntatu eta urtebeteko ikastaroa egin nuen. Hori bukatutakoan han eta hemen modelo hasi nintzen. 

Zer ikasi zenuen modelo eskolan?
Pasareletan nola ibili, argazkigintzan nola jokatu eta posatu, argazkilariak edo diseinatzaileak erakutsi nahi duen sentimenduak nola adierazi, makillajea, azalaren zainketa, nutrizioa, goi-mailako joskintza, oinarrizko joskintza...


Agatha Ruiz de la Pradaren jantziekin desfilatzen.

Modelo lanak nora eraman zaitu?
16 urtetik 22-23 urtetara aunitz ibili nintzen. Tarte horretan, aldizkarietako azalak, emaztegaien, bikinien eta bertzelako arropekin katalogoak, ferietako standetan modelo lanak eta pasarelak egin nituen. Denetarik pixka bat egin dut, eta bereziki pasareletan ibili naiz. Argazkigintza ere gustuko dut, baina ez naiz sobera eroso eta hain natural sentitzen. Pasarelan, ordea, gozatzen dut, hagitz ongi sentitzen naiz eta izugarri gustatzen zait arropa erakustea, eta bereziki, emaztegaien jantziekin desfilatzea. Desfilatzen, hemendik kanpo Bruselan Europako Parlamentuan, Madrilen, Errioxan, Agatha Ruiz de la Pradarekin... ibili naiz eta Euskal Herrian gehienbat Donostian. Batez ere Gipuzkoara joaten naiz, eta Iruñean gutti aritu naiz. Hori bai, betitik argi izan dut ez nuela kanpora joan nahi eta ez nintzela nire bizitza osoan horretara dedikatuko. 

Ez da lehentasuna zuretzat?
Niretzat hobby bat izan da, gustuko dudana egiteko aukera eman didana. Oraindik ere pixka bat segitzen dut eta deitzen didatenean, posible baldin badut parte hartzen dut. Berriki, Yolanda Torres diseinatzaile donostiarrak deitu dit emaztegaien bilduma aurkezteko desfile bat eginen duela erranez, eta parte hartu nahi dudan galdetuz. Baietz erran diot. Donostiako San Telmo Museoan egin zen desfilera, ordea, ezin izan nintzen joan, lanagatik. Modelo lanak denbora aunitz eskatzen du, eta egun bertze lan batean ari naiz lanaldi osoan eta ez dut denborarik. Gustatzen zait, baina ez da nire lehentasuna.

Nondik hartzen dituzu eskaintzak?
Oraindik agentzian segitzen dut eta desfile handiak direnean, modaren asteak edo erakunderen batek antolatutakoak direnean, agentziatik deitzen didate. Bertze kasu batzuetan, diseinatzailearen bilduma bat aurkezteko desfile bat baldin bada, adibidez, diseinatzaileak zuzenean gurekin harremanetan jartzen dira.

«Agentziek meharrak egoteko eskatzen dute, baina zergatik? Diseinatzaileek eta hornitzaileek ere hala nahi dutelako»

Ana Eliza RODRIGUES GOMES

Nolakoa da modeloen mundua?
Ez da erraza, eta polemikoena gorputzaren gaia da. Niri agentzian aunitzetan erran izan didate pasarelara joateko, mehartu beharko nukeela. Argi dago, berez fisikoki meharra ez bazara, ez duzu Parisko Modaren Astean parte hartuko. Orain dela bi urte, Gipuzkoa de Moda Donostiako moda jaialdian parte hartu nuen, eta harrituta gelditu nintzen gaztetxoen solasak adituta. Nik bere denboran izan nuen desfilatzeko ilusioarekin sumatu nituen, baina 'mehartu beharko dut', 'agentziako arduradunak kilo batzuk galtzeko erran dit', 'gizen nago'... Halako komentario aunitz aditu nituen eta hori da okerrena. Urteekin egoera aldatzen ari da, baina oraindik topiko hori aldatzetik urruti gaude. Agentziek meharrak egoteko eskatzen dute, baina zergatik? Diseinatzaileek eta hornitzaileek ere hala nahi dutelako. Hagitz neurri ttikikoak diren arropetan sartzeko argalak nahi dituzte, baina ez da erreala.

Gai honekin gaizki pasatu duzu?
Ez hainbertze. Berez altua eta meharra naiz, eta ez dut dieta zorrotzik segitu behar izan. Mehartzeko erran izan didate, desfileren batean diseinatzaile batek bere arropetan ez ginela sartuko ere erran zigun... Lotsagarria da. Nik, ordea, beti argi izan dut nirean segituko nuela, mehartzen banintzen ongi eta egiten ez banintzen ere bai, ez zait inporta izan. Gaur egun, bertze lana tarteko guttiago ibiltzen naiz, baina badakit Donostiako Fashion Weekerako edo bertze desfile batzuetarako deituz gero, arropak ez nituzkeela sartuko.


Balentziaga Museoan Custo Barcelonarekin.

Modelo lanetik bizitzeko aukera izan bazenu, segitu izanen zenukeen?
Ez dakit... Modelo izateak aunitz nekatzen du, eta gaur egun modelo lanetik bizi direnak bere garaian bereak eta bi pasatutakoak dira. Nire kasuan, ez dakit hainbertze gauza sakrifikatzeko prest egonen nintzatekeen.

Zer sakrifikatu beharko zenuke?
Bertzeak bertze, denbora eta familia, beti bidaiatzen ibiltzen direlako. Desfileen ondotik nora joan nahi duzun galdetzen dizute, eta badakit Madrilera edo Bartzelonara joanez gero, aukera gehiago izanen nituzkeela. Baina nik inguruan mugitu nahi nuela erran nien.  

«Modelo lanak ekonomikoki konpentsatzen du, baina psikologikoki ez».

Ana Eliza RODRIGUES GOMES

Modelo izanda bizi daiteke?
Kanpora joan eta lan aunitz lortzen baduzu, bai. Modeloek ez dute hilabetean lansari finkorik hartzen, egindako lan bakoitzeko kobratzen dute eta eta horren zati bat agentziara doa. Ongi irabazten da eta ekonomikoki konpentsatzen du, baina psikologikoki ez. Zaila da. Ez da sektore egonkorra, hagitz aldakorra eta motza da. Hagitz ezaguna bazara, 35 urtera arte horretatik bizitzeko aukera izanen duzu, aunitz jota 40 urtera arte. 

Bertze ikasketak egin dituzu...
Bai, Arantzara etorri orduko ikasten hasi nintzen. Jakiteak ez du tokirik hartzen, eta ikastea hagitz aberasgarria dela uste dut. Batxilergoa bukatutakoan, Administrazioa eta Finantzak zikloa egin nuen, hegazkineko azafata izateko urtebeteko ikastaroa ere egin nuen. Saudi Arabiara joatekoa nintzen, eta konpainia batekin harat joateko dena hitzartua nuen, baina azken momentuan ingelesa ikastera Australiara joatea erabaki nuen. Gaur egun, Nazioarteko Merkataritza eta Marketin gradua egiten ari naiz, online, eta ingelesa ikasten ere ari naiz. Frantsesarekin ere saiatu nintzen, baina hagitz gogorra egin zitzaidan. Denetarik pixka bat jakitea gustatzen zait. Ez naiz sekula gelditu.   


Iruñeko Weeding Weekend desfilean.

«Norbere buruarekin ongi sentitzen den eta soinean duena erakutsiz gozatzen duen edozein izan liteke modelo»

Ana Eliza RODRIGUES GOMES

Zure ustez zein ezaugarri beharko lituzke modelo on batek?
Altuak eta meharrak nahi dituzte, baina edertasuna norbere buruarekin ongi sentitzea dela ulertu beharko genuke. Norbere buruarekin ongi sentitzen den eta soinean duena erakutsiz gozatzen duen edozein izan liteke modelo. 

Etorkizunera begira zein amets dituzu modeloen munduan?
Orain dela sei urte galdetu izan bazenit, Parisen desfilatzea gustatuko litzaidakeela erran izanen nizukeen. Baina orain ez. Mundua barrenetik ezagutu dut, helduagoa naiz, eta ez da dirudiena. Dena hagitz azalekoa da, itxura kontua, 'hemen eta hor nagoela adieraztea', baina kameraren gibeletik halaxe daude gero... 

Lehia handia dago?
Diseinatzaileen artean ez, nik ezagutzen dudan inguruan behintzat elkarri laguntzen ikusi ditut. Modeloen artean, ordea, lehia handia da, bereziki nesken artean, aunitz garelako eta lan gutti dagoelako. 'Ni zu baino meharragoa banaiz, lehenagotik hartuko naute' sentimendua hagitz zabaldua da. Egoera duela hamar urte baino hobea da, baina konplikatua izaten segitzen du. 

LABUR-LABUR

  • Zeure burua hitz guttitan: Pazientzia guttikoa.
  • Zein afizio dituzu? Ikastea.
  • Kirol bat? Brasilen eskolako taldearekin areto futbolean eta boleibolean aritzen nintzen. Arantzara etorri nintzenean Beti Gazte futbol taldean ibili nintzen eta Australian boleibolean. Orain gutti egiten dut, tarteka mendira, oinez...
  • Musika talde bat? Tina Tuner eta Dolly Parton gustatzen zaizkit baina denetarik aditzen dut. Spotifyeko zerrendan 70eko musika dut, izugarri gustatzen zait.
  • Kanta bat? Quando o segundo sol chegar. 
  • Bizitzeko toki bat? Australia edo Brasil.
  • Arantzako tokirik gustukoena? Nire etxea. 
  • Liburu bat? Mujeres que corren con los lobos.
  • Jateko bat? Dilistak eta ilarrak.
  • Nora bidaiatuko zenuke? Indiara. 
  • Modelo bat? Cara Delevigne eta Adriana Lima.
  • Diseinatzaile bat? Acris, Agatha Ruiz de la Prada eta Custo Barcelona.
  • Arropa bat? Pijama.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun