Nafarroan txapel guztiak irabazita Euskal Herriko sokatira txapelketari ekinen dio Beti Gaztek asteburuan

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 4a, 13:10
Joan den urtean, zazpi txapeletatik bortz lortu zituen Beti Gaztek Euskal Herriko txapelketan.

Getxon jokatuko dituzte zazpi kategorietako txapelak martxoko asteburu guztietan

2021eko goma gaineko sokatira txapelketa osoa martxoan jokatuko da. Ohikoa baino laburragoa izanen da, pisu bakoitzeko egun bakarra eta sei jardunaldiak Getxoko Fadura pilotalekuan jokatuko dira ateak itxita, ikuslerik gabe. Nafarroako txapel guztiak irabazita joanen den Lesakako Beti Gazte izanen da kategoria eta pisu guztietan zortzikotea aurkeztuko duen talde bakarra. Larunbatetako jardunaldiak 17:00etan hasiko dira (pisaketak 14:00etatik 15:30era) eta igandetakoak 11:30ean (pisaketak 08:30etik 10:00etara).

Txapelketa martxoaren 6an hasiko da. Emakumezkoak 540 kilotan (Beti Gazte, Badaiotz eta Ibarra) eta gizonezkoak 680 kilotan (Beti Gazte, Ñapurrak, Murueta eta Ibarra) ariko dira.

Martxoaren 7an gizonezkoen 640 kilokoa jokatuko da (Beti Gazte, Ñapurrak, Txantrea, Murueta eta Ibarra).

Martxoaren 13an emakumezkoak 500 kilokoan ariko dira. Lesakarrekin batera, Txantrea, Badaiotz, Berriozar, Antsoain eta Ibarra lehiatuko dira.

Martxoaren 20an gizonezkoen 600 kiloko txapela erabakiko da Beti Gazte, Ñapurrak, Txantrea, Berriozar eta Ibarraren artean.

Martxoaren 27an txapelketa mistoa jokatuko dute, 580 kiloko kategorian. Beti Gazte, Txantrea, Berriozar, Antsoain eta Ibarrako neska-mutilak ariko dira.

Martxoaren 28an, azkenik, gizonezkoak pisu arinenean ariko dira, 560 kilotan. Beti Gaztek, Txantreak eta Antsoainek bakarrik aurkeztuko dute zortzikotea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun