Heldu zaigu 2021. urteko martxoaren zortzia, hau da, emakumeon eguna dela oroitzeko eguna. Joan direneko hamaika urte hauetan Bortzirietako emakumeok egun hori probestu dugu hara non eta inguruan ditugun mendietan barrena gozatu ahal izateko. Aurten hamabigarrena izanen genukeen, ez balitz suertatu dugun osasun krisi izugarri hau.
2009. urtean bildu ginen zenbait emakume Igantzin,
Nolatan, ordea? Bada, mendian bertze emakumezko batzuk burututako mendi espedizio baten berri eman zigutelako, eta haiek prestatutako bideo emanaldi horrekin gozatzeko aukera izan genuelako. Emakume hauek lehenago Mont Blanc mendia igoa zuten, mendiak dituen hiru ibilbideetatik eta hurrengoa Elbrus mendira joandakoak ziren. Emakume hauek mendizaleak izateaz gain, emakume askeak ere zirela erakutsi nahi izan zioten bere buruari lehendabizi eta gero gainontzeko emakumeoi ere.
Igantzin izan zen emanaldia, eta horren ondotik solasean arituz, pentsatu, eta erabaki genuen polita eta beharrezko izan zitekeela emakumezkoa ahalduntzen gainean sakontzeko «gure denbora hartzearen» gainean batez ere. Gizonak asteburuetan, dela bizikleta, mendia, lasterketa ibiltzen hartzen duen bezala bere denbora, guk geuri ere gauza bera egiteko tenorea ailegatu zaigula.
Halaxe hasi ginen bada martxoaren 8aren inguruko igandea guretzat hartzen eta mendian barrena pausuz pausu, geure motxila prestatu, oinetako egokiak, jateko pixka bat ere bai, eta aire!
Lehenbizikoan Igantzin bildu ginen 15 emakume gogotsu maldan gora abiatu ginen . Hainbertze gozatu genuen non hurrengo urtean Beran proposatu eta bertan txangoa egitekotan geratu ginen.
Horrelaxe aurtengora arte, hau da, hamabosgarrenera iritsi arte.
Aurten, ordea, 15 mendizale izatetik 70 ingurura ailegatu garen honetan, ezinezko izanen dugu, horrelako multzoan bildu eta, mendian bada ere, elkarrekin ibiltzea.
Beraz, bakoitzaren herrian bizpahiru edota lau emakume bildu eta mendian bueltaxka bat emanez ibiltzea ez da gaizki etorriko geure buru lanbrotsu honi pozgarri izanen den argitxo bat piztea.
Heldu den urtean izan beharko du, hamabigarrenak, eta Beran!
Denak pozik, alai
Ibiliko gara jai,
Beraz, ahalduntzen jarrai.
Merezi baitu ahaleginak
Jarrai dezagun bizi-bizi
Helburua buruan jarri
Eta hari segi
Merezi duelakoan
Hala bainago, bai.
Gora Bortzirietako emakume mendizale ahalduntsuak!