Lesakako Udalak turismo teknikaria kontratatzeko deialdia egin du

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 3a, 13:00
Teknikariak, bertzeak bertze, turismo bulegoan publikoari arreta eta informazioa eman beharko dio.

Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 10ean, heldu den asteazkenean, bukatuko da.

Lesakako Udalak turismo bulegoan publikoari arreta eta informazioa emateko langile bat kontratatu nahi du. Sei hilabetetarako kontratua, 2021eko apirilaren 1etik irailaren 30era bitarte, eskaintzen du. Eskatzaileek martxoaren 10era arteko epea dute eskaera orria bete eta aurkezteko.

Baldintzak

Izangaiak Nafar Lansare-Nafarroako enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa inskribatua egoteaz gain, 16 urteak beteak izan beharko ditu. Gainera, Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako bigarren graduko titulua eta euskarazko C1 hizkuntza gaitasuna beharko ditu.

Egitekoak eta lansaria

Turismo teknikariak Bortziriak, Malerreka eta Baztango informazio turistikoa eman beharko die bisitariei. Horrez gain, udalerriko turismo-plan bat  (turismo-enpresekin eta udalarekin elkarlanean) garatuko du eta, era berean, inguruko turismoa sustatu eta dinamizatzeko lanak, turismo sektoreko enpresek Nafarroako Turismo erregistroan inskribatzeko aurkezten dituzten erantzukizunpeko adierazpenak, zerbitzuaren antolaketa, web orria eguneratu... eginen ditu.

Langileak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen C mailari dagokion oinarrizko lansaria izanen du, gehi %12ko osagarria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun