Errenta Aitorpenaren zerbitzaria hackeatu zuen lesakarrari bi urteko kartzela zigorra ezarri diote

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 2a, 15:49

Gertaerak 2019ko abuztuan izan ziren. 36 urteko lesakarrari Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuko Errenta Aitorpenaren atariko zerbitzaria blokeatu izana leporatu diote. Ez dute kartzelara bidaliko baina horren partez lan komunitarioak egin beharko ditu.

Zenbait hedabidek zabaldu dutenez, Nafarroako Probintzia Auzitegiko 1. salak jarri dion bi urteko espetxe zigorra onartu du gaur 36 urteko lesakarrak. Fiskalak hasiera batean sei urteko kartzela zigorra eskatua zuen baina, azkenean, ez du espetxera joan beharko. Horren partez, lan komunitarioak egin beharko ditu.

Antza, eraso zibernetikoak 2019ko abuztuaren 24tik 27ra arte, eta urte hartako irailaren 2an egin zituen. Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuko Errenta Aitorpenaren atarian, minutuko mila eskaera baino gehiago egin zituen, eta irailaren 2an 3.000 eskaera inguru bortz minutuero. Identifikatzeko 50 erabiltzaile erabili zituela diote, eta horietako bakoitzarekin bortz aldiz okerreko pasahitza erabili zuela. Hala, 50 erabiltzaile horien sarbidea blokeatu zuen. Akusatua bera izan omen zen sistema segurtasun erasoa jasaten ari zela jakinaraziz Foruzaingoari abisu anonimo bat bidali ziona.

Ez hori bakarrik. 2018an ere antzeko erasoa egin izana leporatu diote, eta aldi hartan, partikularren errenta aitorpenetan sartzeko aukera ere izan zuen, baina administrazioarekin kolaboratu zuelako, ez zuten akusatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun