Labiaga Ikastola udan hasiko da 200 metro koadroko estalpea egiten

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 2a, 11:00

Berako Udalak eta Labiaga Ikastolak egindako akordioaren arabera patio berria «urte guztian herriari irekia» egonen da

2021eko udan Berako Labiaga Ikastolak patioa berritzeko lanak hasiko ditu. Lehen fase honetan, Eztegarako eraikinaren azpiko patioan 200 metro koadroko estalpea eraikiko dute. Ikastolako kideek aditzera eman dutenez, «gure ikastolak aspalditik behar zuen halako idorpe bat eta ikasturte honetan Covid-19aren eraginez inoiz baino nabarmenago agertu da gabezia hori». Patio berrirako ideia «hainbat gurasoren, irakasleren eta bazkideren artean landu» dituzte eta ondotik Ander Rodriguez arkitektoak gauzatutako proiektua «batzarrean onartu» dute.

Labiaga Ikastolako arduradunek jakinarazi dutenez, estalpea «Ikastolen Elkartasun Kutxatik jaso dugun 60.000 euroko maileguari esker eraiki ahal izanen dugu». Euskal Herriko ikastola guztien ekarpenei esker, urtero dirulaguntza batzuk banatzen dira «proiektu estrategikoak egin nahi dituzten Ikastolen artean eta oraingoan, Berako Ikastolari egokitu zaio ekarpena jasotzea». Guztira, Ikastolen Elkarteak «800.000 euro banatu ditu hamar proiektu ezberdinetan» eta Labiaga Ikastolak bere «esker ona» adierazi nahi izan dio.

Azkenik, Labiaga Ikastolako kideek patio berria «urte guztian herriari irekia» egonen dela azpimarratu du. Berako Udalarekin egindako akordioaren arabera «herritar guztiek izanen dute estalpea erabiltzeko aukera». Izan ere, herrian dauden espazio estaliak «guti» dira eta Ikastola herri erdian dagoenez herritarrek «espazio hau erabiltzeko aukera izatea» eskertuko dutelakoan daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun