Lesakako etxebizitzari buruzko ikerketaren berri emanen dute martxoaren 1ean

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 26a, 13:00

Lesakako etxebitzaren egoera zein den azaldu eta ikerketaren legen emaitza eta ondorioen berri emanen dute astelehenean Harriondoan.

Joan den abendutik, Lesakako etxebizitzaren egoera aztertzeko ikerketa egiten ari da udala, gaur egun etxebizitzaren egoera zertan den eta herritarren beharrak zein diren aztertzeko.

Ikerketaren baitan bi atal nagusi landu dituzte, alde batetik herriko etxebizitzen erregistroa, eta bertze aldetik herritarren beharren analisia. Beharrak ikertzeko inkesta bat zabaldu zuten urtarrilean, eta herritarren 200 erantzun jaso zituzten. Hortaz gain, bertzelako entitate eta adituekin ere aztertu dituzte beharrak, eta emaitzak jaso eta antolatzen ari dira orain, ondorioak atera ahal izateko.

Solasaldia martxoaren 1ean

Emaitzen zein ondorio nagusi batzuen berri emateko martxoaren 1ean, astelehenean, 18:00etan Harriondoa Kultur Etxeko Txokobiko aretoan solasaldia antolatu dute. Beti bezala, segurtasun neurriak betez eta edukiera mugatua kontuan hartuko dira. Hitzaldi honen helburua Lesakako etxebizitzaren egoera zein den azaldu eta ikerketaren lehen emaitza eta ondorioen berri ematea izanen da. Bertan izanen dira Ladis Satrustegi alkatea, Eneko Larrarte Nafarroako Gobernuko etxebizitza saileko zuzendaria eta Garazi Conde ikerketa garatzen ari den teknikaria.

Ladis Satrustegik irekiko du hitzaldia, ikerketa hasteko arrazoiak eta udalaren ikuspegia emanez. Ondotik Eneko Larrarteren txanda izanen da, eta Nafarroako egoera orokorraren berri emanen du, egun martxan dauden proiektu eta politikei buruz solastatzearekin batera. Azkenik, Garazi Condek orain arte ikerketaren emaitzen eta ateratzen ari den ondorioen berri emanen du. Bukatzeko herritarren parte hartzerako tarte bat ere irekiko da, galdera-erantzunetarako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun