‘Zaindu dezagun gure osasun etxea’ solasaldia antolatu dute otsailaren 26an Lesakan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 24a, 14:00

Gabriel Txoperena lesakarra, Donostiako ospitaleko Larrialdi Zerbitzuetako medikua da hizlarietako bat.

Ortziralean 18:00etan Harriondoa Kultur Etxean ariko dira Gabriel Txoperena Donostiako ZIUko medikua, Ruth Gonzalez Bortzirietako Osasun Zentroko zuzendaria. Elixabet Elizalde Lesakako Osasun Zentroko Erizain burua eta Nafarroako Osasun Plataformako kideak.

Osasun Etxearen egoera, Nafarroako egoera, hurrengo asteetarako erronkak… argitzeko, ‘Zaindu dezagun gure osasun etxea’ solasaldia antolatu dute otsailaren 26an, ortziralean, 18:00etan Harriondoa Kultur Etxean, segurtasun neurri guztiak hartuz. Gabriel Txoperena, Donostia Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuetako medikua; Ruth Gonzalez, Bortzirietako Osasun Etxeko zuzendaria; Elixabet Elizalde, Lesakako Osasun Etxeko Erizain burua eta David Mendaza, Nafarroako Osasun Plataformako kidea arituko dira hizlari.

Pandemiak agerian utzi ditu Osasun sistemak zituen gabeziak, telefono bidezko arretaren hutsa, medikuen falta, zenbait espezializaziotan hutsuneak, zentralizatzeko arriskua… Herriek bizirik segitzeko zerbitzuak beharrezkoak dira, despopulazioa ekiditeko, herrian bizi ahal izateko. «Zuzenean edo zeharka, denei eragiten digun gaia delako, zaindu dezagun gure osasun etxeak!», diote antolatzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun